'Gorp (huts)' ikuskizunak udako denporaldia edegiko dau Chillida Lekun

Bizkaie! 2022-06-14 08:30   Kulturea

Garagarrilaren 2an, Chucho Valdés eta Paquito D´Rivera izango dira.

Udako solstizioa ospatzeko atondutako Gorp (huts) ikuskizunak edegiko dau uda denporaldia Chillida Lekun. Doos Colectivo konpainiak jantza garaikidea, ahotsa eta soinua batzen dituan lan harrigarria da, eskulturakaz eta bertako naturea buztartuz. Ikuskizun ibiltaria da, uniberso onirikoan sartuko gaituan bidaia poetikoa. Hitzordua bagilaren 17an, 19:00etan ate edegierea eta ikuskizuna 20:30ean hasiko da. Sarrerak salgai hemen.

Singular Fest bagilaren 30ean hasiko da, Donizettiren Lucía de Lammermoor operearen hurreraketa barri bategaz eta garagarrilean zuzeneko musikea izango da protagonista: Mondragon Orkestrea, Lila Downs, Chucho Valdés eta Paquito D 'Rivera izango dira musika, artea eta kultur ondarea buztartzen dituan jaialdi parebako honetako protagonistak.

Dean Wareham, musika alternatiboaren eszenako izen handienetako bat, udako hitzordu honetan be izango da bere soinu oniriko eta espazialakaz.

Gainera, Chillida Leku barriro be bertako jaialdi handien egoitzea izango da, izan be, museoak jardunaldi bi hartuko ditu Jazzaldiarena eta Musika Hamabostaldiarena.

Barrikuntza legez, Donibane Lohitzunen egoitzea dauen Ravel piano jaialdiagaz lankidetzea gehitu da. Gainera, agendan badira ongizate fisikoa eta mentala jagoteko proposamenak eta horregaitik, garagarrilean eta abuztuan, zapatu guztietan, yoga saio bat izango dau museoko zelaietan eta ondoren brunch gozo eta elikagarria Lurra kafean.

Irudimenezko lorategiak, arteari, natureari eta fikzinoari buruzko diziplina anitzeko tailer batek proiektu artistiko bat eregiteko tresnak emongo ditu: Lau lan-saioen bidez, artearen munduagaz, natureagaz, zientziagaz eta literatureagaz lotutako hainbat elementu aztertzea dau helburu.

Gaztetxoenek be lekua izango dabe Chillida Lekuren udalekuetan, Maushausek diseinautako programa berezi bategaz, Miró eta Chillidaren obretan oinarritua.

Azkenik, EHUren udako unibersidadeko ikastaroetan parte hartzea be aurreikusi da.

Aurtengo edizioak Chillidaren lanak natureagaz eta etikeagaz dituan hartu-emonak aztertuko ditu eta aditu-talde apartak hartuko dau parte.

Azpimarratu behar da udako programa hau posible dala Chillida Lekugaz kolaboretan daben babesleei esker, besteak beste, Orona Fundazinoa edo Hernaniko Udala, 2019an barriro edegi zanetik museoaren ekimenak babesten baitabiz; eta beste batzuk, BM Supermerkatuak, esaterako, oraintsu batu diranak gure bisitarientzako kalidadeko edukia sortzen laguntzeko.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu