Salmentek % 10 egin dabe gora 52. Bilboko Liburu Azokan
2022-06-13 09:28 KultureaAtzo amaitu zan aurtengo edizinoa.
Bisitarien kopuruagaz eta salmentakaz pozik agertu dira Bilboko Liburu Azokako antolatzaileak, 52. edizinoaren balorazinoa egiteko orduan. Bagilaren 2an hasi eta atzo, domekea, amaituta, 55 erakusle egon dira Arenaleko azokagunean, baita idazle ugari be, euren obrak aurkezten eta aleak sinatzen.
Bizkaiko Liburu-saltzaileen Alkarteko presidente Kepa Torrealdaik adierazo dauenez, oso positiboa izan da edizino hau. Izan be, ez da pandemiagaz lotutako murrizketarik egon eta horrek datuetan eragin dau: igazko azokeagaz konparauta, aurtengoan % 10 gehiago saldu dabe.
Ganera, Arenaleko karpan eta Bidebarrieta liburutegian egin diran aurkezpen, berbaldi eta mahai-inguruetara be jente asko joan dala azaldu dau Torrealdaik. Publikoaren erantzuna txalogarria izan dala uste dau.
Gehienbat azkenaldiko nobedadeek erakarri dabe irakurleen arretea. Esate baterako, salduenen artean agiri dira Joseba Sarrionandiaren Munduari bira eman zion ontzia eta Arrate Egañaren Itzalen distirak. Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea eta Kirmen Uriberen hainbat obra be polito saldu dira.
Erderazko liburuen artean, salduenen artean aitatu leitekez Félix G. Madroñoren Sol de brujas eta Javier Sagastiberriren Muerte en el Carlton. Oraintsu hildako José Javier Abasoloren El país equivocado-k be salmenta onak izan ditu.
Era honetako hurrengo hitzordua, Bilbon behinik behin, Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokea izango da. Udagoienean egingo dabe, Arenalean bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!