Atxuri ezagutzeko bisita gidatuak Bilbao Izan programan

Bizkaie! 2022-06-10 10:53   Kulturea

Auzoaren berezitasunak, historia eta ondarea ezagutu ahal izango dira.

Atxuri auzoa (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalaren Bilbao Izan programearen barruan, uriko auzoak ezagutzeko bisitaldi gidatuen programea martxan dago. Bagilean, Atxuri auzoa ezagutzeko aukerea emongo dabe, Bilboko uribilduaren sorreratik haren gorabeheren lekuko izan dan eremua. Herritar guztientzako aproposak dira bisitaldiok, modu atsegin eta didaktikoan emongo dabelako Atxuriren historiaren, ondarearen eta berezitasunen barri.

Modalidade bi egongo dira, Ezagutu Atxuri Oinez eta Ezagutu Atxuri Familian, azken hau umeak dituen familientzat egokiagoa. Hilaren 28ra arte, martitzenetik zapatura egingo ditue Ezagutu Oinez modalidadeko bisitak. Eguen arratsaldeetan euskeraz dira gidearen azalpenak, eta beste ordu edo egun batzuetan be badago horretarako aukerea, antolatzaileakaz adostu ezkero.

Familientzako modalidadeko bisitak, ohikoak lez, ordu eta erdi ingurukoak dira, baina olgeta eta jarduera dibertigarrien bidez, lau urtetik gorako umeek Atxuri ezagutu ahal izango dabe ondo paseteaz batera. Bagilaren 12an eta 19an izango dira era honetako bisitaldiak, eta danak izango dira elebidunak.

Bisitaldi gidatuotan parte hartzea doban da, baina aurretik izena emon behar da, Bilbao Kultura webgunean (hemen). Familien bisiten kasuan, hitzordu bakotxa baino 48 ordu lehenago aktibauko dabe apuntetako aukerea.

Itsasadarraren ertzeko auzo historikoetako bat da Atxuri. Erdi Aroan Bilboko uribildua sortu zanean, bertara sartzeko atariaren inguruan hazi zan, Ibeniko moilea eta errege-bidea ardatz zirala. Menderik mende, ortuak, mahastiak, gaztainondoak, haretxak, dolareak, burdinolak, lonjak, botikak eta dendak txandakatu ziran Atxuriko lurretan.

Gaur egungo urigintzea eta antxinako auzoaren lekukoak alkarren alboan dagoz. Atxuritik ibiltea Erdi Aroko auzunearen eta kai zaharraren jarduera ezagutzeko bidaia da, desagertutako eleizak eta ospitale zaharra gogoan, museo bihurtutako komentuaren fatxada errenazentistearen aurrean. Trenbideei, eskolei, gailetei eta lapikoei buruz berba egingo dabe bisitaldietan.

Argibide gehiago hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu