Aida Mauri Crusatek irabazi dau Bilboko kanposantuko pintura lehiaketea
2022-06-10 09:15 KultureaEntrada a la cripta obrea aurkeztu dau artista kataluniarrak.
Bagilaren 4an, artista moltso bat Bilboko udal kanposantuan batu zan, aire zabaleko pintura lehiaketako obrak egiteko. Bertako ondare paisajistiko eta artistikoa zabaltzeko asmoz Bilbao Zerbitzuak erakunde publikoak eta Udalak antolatua, lehenengo edizinoa izan dau sariketa horrek. Egun haretan egindako pintura guztiak aztertuta, epaimahaiak Aida Mauri Crusat bartzelonarrari emon deutso lehenengo saria, Urrezko Saria dalakoa.
Entrada a la cripta pinturea da Mauri Crusatena. Kanposantuko kaperearen fatxada nagusian oinarritu da eta, epaimahaiaren arabera, adierazpen indar ikaragarria, konposizino ona eta marrazki bikaina ditu.
Beste sari bi be emon ditu epaimahaiak. Bigarren saria irabazi dauen José Reyes Rodriguezen Capilla Somonte Basabe lana kariatide batean oinarrituta dago. Hirugarren saria Carlos Espiga Alfonsok irabazi dau, Esculturas akuareleari esker. Ganera, Kanposantuko Kaperea klaustrotik erakusten dauen estilo figuratiboko beste pintura bati akzesita emon deutse.
Bilboko kanposantuko pintura lehiaketearen lehenengo edizino honetako epaimahaian egon dira Enrique López Suárez eta José Ramón Muro Perege, biak pinturan eta artean adituak. Antolatzaileen partetik, Yolanda Díez zinegotzi eta alkateordea eta Bilbao Zerbitzuak-eko zuzendari José Antonio Fernández izan dira epaimahaikideak.
Aire zabaleko lehiaketa honi eta, batez be, parte-hartzaileen talentuari eta dedikazinoari esker, enkantu handiko txoko eta zehetasun barriak topau ahal izan doguz Bilboko Udal Kanposantuan, eta kultur sorkuntzea eta ondarea sustatu dira, adierazo dau Yolanda Díezek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!