Antonio Fernandez Alviraren 'Memoria de Forma' instalazino eskultorikoa Bilbon

Bizkaie! 2022-06-10 09:04   Kulturea

Azkuna Zentroan egongo da urriaren 30era arte.

Instalazino barriak bat egingo dau uda honetan espazioen arteko ibilbide lez erakutsiko diran erakusketa-proiektuakaz, Ahots bat erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa, Cabello Carceller kolektiboaren lanagaz; Terrazan, Antonio Fernández Alvira artistaren Memoria de forma obreagaz; Atrioan Grimanesa Amorós sortzailearen Scientia argi-instalazinoagaz; eta BAT Espazioa Lantegia. Ideen Laborategia erakusketa-aretoagaz, Isidoro Valcarcel Medina artistearen Arkitektura goiztiarrak hartzen dituana.

Memoria de forma laborategiak gorputz-egitura-ontzia eta fluido-edukia esploretan ditu. Sortzailearen arabera, pieza honen helburua da ariketak atontzea lekuaren eta publikoaren bidez; terrazako arkitektureagaz interakzinoan eta alkarrizketan jardunez, espazioarekin egindako miaketa formal eta prozesualen ondorioz eta publikoaren esperientziaren eta pertzepzinoaren bidez, haren mobimentu eta ibilbideen bidez.

Scientia. Grimanesa Amorós

Atrioan, abuztuaren 30era arte, Peruko artistearen argi-instalazinoa egongo da ikusgai. Argiak personen gogo-aldartea eta buru-osasuna hobetzeko dauen garrantzia ardatz hartuta.

Ahots bat erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa. Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller)

Azkuna Zentroak produzidutako eta Paul B. Preciado komisario dauen Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) talde artistikoaren erakusketea da. Kontakizun historikoaren eraikuntza politikea queer eta trans garaikideakaz buztartzen dau eta irailaren 25era arte ikusi ahal izango da Erakusketa Aretoan.

Arkitektura Goiztiarrak. Isidoro Valcárcel Medina

Lantegiko erakusketa aretoan (BAT Espazioa) irailaren 18ra arte, Isidoro Valcárcel Medina artista eta arkitektoaren erakusketea egongo da, Azkuna Zentroak eta Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoak (MUSAC) koproduziduta.

Urbanizetako eta eregiteko proposamenen bilduma bat da. Valcárcel Medinak egin zituan 1984 eta 1992 artean, artistearen eretxiz, "uri-espazioko errealidade berehalakoaren eta ustez ha eratzen daben egituren artean dagoan erabateko kontraesana agerrarazoteko" asmoz.

Proiektua osotzeko, titulu bereko liburua argitaratu da, Isidoro Valcárcel Medinak urigintzeari eta arkitektureari buruz asmautako proiektu guztiak batzen dituana.

Mediateka BBK

Irakurketa gunea Terrazan. Mediateka BBK Azkuna Zentroko Terrazara zabaltzen da, Antonio Fernández Alviraren Memoria del cuerpo pieza artistikoagaz batera, irakurketarako gune iraunkor bategaz. Bertan, erabiltzaileek hemerotekearen aukeraketa bat topau ahal izango dabe aldizkari, kontakizun edo komikiakaz.

Irakurketa saioak Terrazan helduentzat zein umeentzako.

Jarduerak Txikitekan

Mediatekako familientzako eta haurrentzako esperimentazio lekua uda honetan aktibauko da 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako olgeta eta sormen jarduerakaz. Saioak garagarrilean eta abuztuan izango dira, astelehen goizetan (12:00etatik 13:00era) eta eguazten arratsaldeetan (18:00etatik 19:00retara). Sartzeko aldez aurretik izena emon behar da. Gehienez hiru saio persona bakoitzeko.

Bisitak

Eraikinera bisitak:

Martitzena 17:30ean (euskeraz) eta 18:30ean (gaztelaniaz).

Alondigan ordubeteko ibilbideak, eraikinaren historia, eraldaketa eta egungo proiektua.

Ibilbidea programazinoan zehar:

Eguaztena 17:30ean (euskeraz) eta 18:30ean (gaztelaniaz) Isidoro Valcárcel Medinaren Arkitektura goiztiarrak, Antonio Fernández Alviraren Memoria Forma eta Grimanesa Amorosen Scientia erakusketetan ordubeteko ibilbideak.

Ahots bat erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa erakusketara bisitea, gidarien azalpenak izango dituana: Eguena 18:00 (euskeraz) eta 19:00 (gaztelaniaz).

Gidarien azalpenak izango ditue bisitak Mediateka BBK-ko gune bibliografikoetan: Martitzena 18:00-18:30 (euskeraz eta/edo gaztelaniaz). Hogei minutuko ibilbideak dira, Mediatekako bibliografia-guneetan barrena, liburu eta ikus-entzunezko bildumearen atzean dagozan sekretuak eta bitxikeriak ezagutzeko. Sartzeko aldez aurretik izena emon behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu