Elkanoren zeharkaldi kulturala Getxora heldu da
2022-06-09 13:11 KultureaJuanita Larando belaontzia bisitau ahal izango da.
Porturik portu, euskal kostaldea zeharkatzen dabil Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturala asteotan, eta Getxora heldu da gaur, eguena, hilak 9. Barikura arte egongo da bertan Juanita Larando belaontzia, XVIII. mendeko patatxe baten erreplikea. Portu Zaharreko moilan bertan, Getxoko Udaleko ordezkariek harrerea egin deutse Elkano Fundazinoak bultzatutako espedizinoari, eta ontzian etorri diran 18 marinelei.
Itsas zeharkaldiak egiten dauen geldialdi bakotxean jarduera ugari antolatzen dira. Esate baterako, Getxoko Portu Zaharrean ekimenagaz lotutako erakusketea ipini dabe, kai muturrean eta hondartzearen aurrean. Oihal eta panel handien bidez, itsas kultureak euskal kostaldeko herrietan izan dauen eragina azaltzen da.
Bestetik, Juanita Larando itsasontzia barrutik ezagutzeko modua be emongo dabe. Gaur, eguena, iluntzeko 20:00ak arte egongo da zabalik. XVIII. mendean, euskal marinelek sarri erabilten zituen patatxe erako ontziak, bizkorrak, arinak eta moldagarriak ziralako. Hareetako baten erreplikea da Elkano Fundazinoaren zeharkaldirako erabilten dabizana.
Espedizinoak barikuan, hilak 10, goizeko 11:30ak aldera urtengo dau itsasora barriro, hurrengo geralekura bidean. Hain zuzen be, Bilboko Itsasadarrean gora eginda, Barakaldora helduko da, han beste geldialdi bat egiteko.
Pasaian hasi zan Elkano Itsas Herria zeharkaldia, maiatzean, eta udako hileetan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 30 herritan egingo ditu geldialdiak. Herri bakotxean, erakusketa ibiltaria ikusi eta Juanita Larando ontzia bisitau leiteke. Donibane Lohizunen amaituko da bidea, irailean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!