Arrate Egañak Zazpi Kale Saria jaso eta 'Itzalen distirak' aurkeztu dau Bilbon
2022-06-09 11:27 KultureaPersonon eta bizitza beraren aniztasuna islatzen saiatu naz.
Zazpi Kale Saria jaso baino lehen, pozaren pozez, ezagutzera emon ditu liburu barriaren zehetasun guztiak. Zortzi narrazino, zortzi jazoera, zortzi personaia (horreetako bakotxak egilearen zeozertxu dauelarik, harek esana) batu ditu Itzalen distirak (Erein) liburura; Arrate Egaña Errenteriako idazlearen azken lana da, Bilboko Liburu Azokan aurkeztutakoa.
Zortzi istorioen artean hari ikustezina dagoalakoan baina zeozertxu susmau daiteke: itzala eta argia. Personon eta bizitza beraren aniztasuna islatzen saiatu dala dino Arratek. Idazle batzuek euren idazlanak eraikinak balira bezela, zimenduetatik teilaturaino, egiten dituela esan deusku sarituak, baita berak be pisu bakarrekoa eta gela asko eta ezbardin dituan etxe baten moduan ikusten eta ulertzen dauela bere idazteko erea be.
Arrate Egañak Bilbon lan egiten dau hizkuntzen teknikari ISEI-n, EAEko irakas-sistemea ebaluau eta ikertzen dauen Hezkuntza Saileko erakundean. Sari asko irabazi ditu: Lehena 1992ko Premio Atenea Salamanca izan zan, Angelitos negros izenburuko lanagaitik. Azkena, gaur Bilbon hartu dauena. Argitalpenen artean, zerrenda luzea nabarmendu geinke: Logurepeko munstroak (2003, Erein); Oneka (2004, Erein); Kixmi elurpean (2005, Elkarlanean, Bizitaupadak saila); Txita more txikia (2007, Erein); Hizkuntza sekretuak (2008, Elkarlanean); Izebak (2008, Ibaizabal); Ni naizen guztia (2009, Erein); Gabe gabe (2010, Erein); Giltza (2011, Erein); Lanbroa/Bruma (2011, Gero/Mensajero); Dragoia (2011, Erein); Familia berria (2012, Elkar); Simon ipuinen munduan (2013, Elkar); Patioan (2015, Elkar); Printzesa puzkertia (2017, Erein); Klarisa Lupabitx. Ume desagertuaren kasua (2017, Erein); Klarisa eta K Taldea. Arimen Parkearen misterioa (2019, Erein); Klarisa eta K Taldea, Mamuak eta bihotzak (2021, Erein); eta Itzalen distira (2022, Erein).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!