Georges Seurat eta Richard Serraren marrazkiak heldu dira Guggenheimera
2022-06-09 08:35 KultureaBaltza, zuria eta grisak dira oinarri erakusketa honetako obretan.
Ehun urteko aldea dago Georges Seurat eta Richard Serra artisten artean, lehenengoa XIX. mendearen amaieran egin zalako ezagun eta bigarrena, XX.aren eta XXI.aren artean. Baina gauza askok lotzen ditue bata eta bestea, batez be marrazkiaren alde egin daben apustua. Hortaz, bien lanak alkartu ditu Bilboko Guggenheim Museoak, Serra/Seurat. Marrazkiak izeneko erakusketan.
Lucia Agirre eta Judith Benhamou dira komisarioak eta irailaren 6ra arte ikusi ahal izango da erakusketea. Komisarioak ahalegindu dira erakusten Seuratek eta Serrak marrazkiaren alorrean egin daben ekarpena, formatu horri elementu barritzaileak gehitu eta eremu barrietara eroanda.
Georges Seurat artisten artistea dala esan izan dabe askok, haren marrazkiak sortzaile ugariren inspirazino eta eredu izan diralako. Besteak beste, Maximilien Lucek, Vincent Van Goghek eta Paul Signacek miresten eben bizirik egoala, baita geroagoko beste batzuek be, adibidez, Henri Matissek, Pablo Picassok, Henry Moorek eta Bridget Rileyk.
Baliabide apalak eta Conté arkatzak erabilita, Seuratek formak eta bolumenak maisutasunez marrazten zituan papel ganean. Eskuz egindako papelean egiten eban lan beti. Signacek inoiz egindako marrazkirik ederrenak zirala esan eban. Seuraten 22 marrazki ikusi leitekez Guggenheimeko erakusketan.
Richard Serra da, hain zuzen be, Seuraten obrea eredutzat daben artistetako bat. Formatu handiko eskulturak egiteagaitik egin da ospetsu Serra (Bilboko Guggenheimen bilduma iraunkorrean bertan ikusi leitekez batzuk), baina marrazkigintzeak sormenean dauen zeregina ez dau inoiz baztertu: materialek eragina dabe espazioan sortzen daben esperientziak, eta marrazkiaren bidez adierazoten da ondoen.
Hortaz, eskultura handiak sortzeko prozesuan marrazkia erabilten dau Serrak, baina formatua modu autonomoan be lantzen dau, teknika eta material barrien menpe jarteko asmoz. Horren erakusgarri da 2015ean hasitako Ramble Drawings seriea, kalidade handiko papel artisauan egina. Horko marrazki guztiak desbardinak dira, momentu bakotxean euskarriak dituan ezaugarrien arabera aldatzen diralako.
Marrazkia funtsezko jarduera baten kontzentrazinoa da, eta adierazpenaren sinesgarritasuna norbearen esku geratzen da erabat, adierazo izan dau Serrak. Landu neikean espaziorik zuzenena eta kontzienteena da.
Seuraten eta Serraren marrazkietan zuria, baltza eta grisak dira tonalidade nagusiak. Seurat berandu hasi zan pinturan, baina aurretik egin zituan ehundazak zuri-baltzezko marrazkiek lagundu eutsen koadroetako koloreei nortasuna emoten. Serrak gerora esan eban baltza kolorea dala, zalantza barik, eta Seuraten obra ipini eban horren erakusgarritzat.
Irailera arte ikusgai izango dan erakusketeagaz batera, jarduera didaktikoak be atondu ditu Guggenheimek, Seuratek eta Serratek marrazkiak egiteko erabilitako teknikak eta materialak ezagutzera bideratuak. Era berean, gogoeta konpartiduen zikloa ipiniko dau martxan bagilean bertan, baita sorkuntza-saio praktiko bat be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!