Sonakay taldea bueltan da
2022-06-08 13:45 MusikeaSuerte izeneko hirugarren estudioko lana aurkeztu deuskue.
Sonakay taldeak bere hirugarren estudioko lana kaleratu dau eta daborduko ia plataforma digital guztietan entzun daiteke. Oiartzungo Mecca Recording Studios-en aurkeztu dau taldeak, hain zuzen be, albuma grabau eben lekuan.
Aurkezpenean izan dira Sonakay taldeko kideak (Yoni Camacho, David Escudero, David Bernardez eta Jose Luis Jimenez) eta Jaime Stinus diskoaren produktore musikala, lan barri honen zehetasun eta lan-prozesuko gorabehera guztiak emoteko.
Prentsaurrean Yoni Camacho taldeko abeslariak azaldu dauenez, disko hau egin ahal izatea suberte handia izan da eta, horrezaz gan, lanaren sormen prozesu guztia sekulako ikaskuntzea izan da taldearentzat: Diskoan parte hartu daben musikariakaz eta Jaime Stinusegaz bizitako momentuak izan dira prozesuko altxorrik nagusiena. Egia esan, dudak be izan ditugu, flamenkoak garenoi gure konfort-zonatik ateratzea gatxa baita, baina momentu horreetako bakotxean erabagi zuzenak hartu doguz.
Esangura horretan, Camachoren eretxiz, pauso garrantzitsua emon dau taldeak, soinu barri eta freskoakaz datozelako, gogoz eta ilusinoz beteta.
Jaime Stinus be bat dator horregaz: Konfort- zonatik urtetea beti da erronkea artistentzako eta askotan puntu horretan sortzen da inspirazinoa. Kasu honetan, diskoaren izenak dakarren legez, uste dot subertea izan dala.
Stinusek taldeari proponidutako gauzetako bat izan zan euren linea musikala birbideratzea orain arte egindako moldaketa latinoei aurre egin eta soul, groove, pop eta rock doinuak zituen base erritmikoak probetako.
Produktorearen beste proposamen bat izan da nazinoarteko eta belaunaldiarteko kantu baten bersino bat egitea eta nide horretan jaio zan Heroiak, orain aste batzuk kaleratutako singela. David Bowieren Heroes abesti ezagunaren euskerazko bersinoa egiten ausartu da taldea, euskerazko berbak Harkaitz Cano idazlearenak dira.
Heroiak singelaz gan, Suerte izeneko disko barrian 8 abesti gehiago dagoz, besteak beste, Luis Eduardo Auteren Al alba ezagunaren bersinoa. Kasu horretan be euskerazko bersinoa egin dau taldeak eta Jon Martin izan da euskerazko berbak idatzi dituana. Kantu originalen artean, Iker Laurobaren Larumbata izeneko abestia dago diskoan, beste guztiak taldeko abeslaria dan Yoni Camachorenak dira.
Lan barria Oiartzungo Mecca Reccording Studios-en grabau eben joan dan martian eta Jaime Stinus produktoreaz gan, goi mailako musikarien parte-hartzea izan dau taldeak, besteak beste, Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (batería), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno ‘Pirata’ (haizeak), Bixente Martinez, Jaime Stinus (gitarrak), Ruben Perez (kongak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta). Diskoaren artea Lierni Aldabek egina da eta bideoa, barriz, Lara Iturainek egin dau.
Euskal taldeak euskeraz eta gaztelaniaz abesten jarraitzen dau baina disko hau zeozelan inflexiopuntu bat izango da taldearen ibilbidean saltu kualitatibo handia emonez.
Taldea buru belarri dabil zuzenekoak bideratzen era daborduko badakigu Sestaon, Irunen eta Elorrion (bagilaren 26an, abuztuaren 26an eta irailaren 4an). Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura-aniztasunaren inguruko ekitaldi batera gonbidau dau taldea datorren bagilaren 23rako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!