Gau Zurian 28 proposamen artistiko izango dira Bilbon

Bizkaie! 2022-06-08 12:42   Kulturea

Bagilaren 17an eta 18an da hitzordua.

Bilbora ekarriko daben instalazinoetako bat (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko uribilduaren sorrerearen 722. urteurrenagaz bat eginez, bagilaren 17an eta 18an egingo dabe aurten Gau Zuria, hau da, betiko datan, pandemiaren ondoriozko aldaketa barik. Uriko eraikin, kale eta plazak eraldatuko dituen 28 esku-hartze artistiko dakarz egitarauak, horreetako asko argietan eta ikusizko efektuetan oinarrituta. Jarduera guztiak dobakoak izango dira.

Ekitaldiaren zuzendari Begoña Escribanok eta Bilboko Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarriak aurkeztu ditue hilaren 17 eta 18ko ekitaldiak. Bilboren 722. urteurrena gogo, ilusino eta emozino handiz ospatzen dogu eta bilbotar guztiakaz konpartidu gura dogu, adierazo dau Olabarriak.

Aurtengo egitarauan, eskulturak, instalazino digital eta interaktiboak, usaintzeko paisajeak, abesbatzen emonaldiak eta formatu handiko joko tradizionalak egongo dirala aurreratu dabe. Bilboko 26 lekutara helduko dira Gau Zuriko jarduerak, besteak beste, Eleiz Museora, Santiago katedralera, Arriaga plazara, Uribitartera, Zabalgune plazara, Alkarte Filarmonikora eta Deustuko zubira.

Egitarau zabalaren barruan, Escribanok eta Olabarriak Bóvedas Celestes nabarmendu dabe, Miguel Chevalierrek diseinautako instalazino digital sortzailea. Enkarnazino plazan egongo da. Arriaga plazako eguzki-loreak, Casilda Iturrizar parkeko Luz de salón instalazinoa eta Gas plazako Olorama be aitatu ditue.

Kolorezko jendea eta Trance entre calles, ostera, proposamen ibiltariak dira, kalerik kale joango dira. Gau Zuriaren instalazino batetik bestera ibiliko dira Elements taldeko artistak, jantza urbanoagaz lotutako Trance entre calles-en.

Aurreko urteakaz alderatuta, jardueren orduak pixka bat aurreratu ditue; familia osoak ekitaldi berezi honetaz gozetea nahiko geunke, dino Olabarriak. Instalazinoak 19:30etatik 00:30etara bisitau ahal izango dira, eta egunez zein gauez ondo ikusteko eran atonduko ditue.

Era berean, uriko erakunde kultural batzuek bat egingo dabe Gau Zuriagaz. Arte Eder Museoa zabalik egongo da zapatu iluntzeko 22:00etatik gauerdira. Azkuna Zentroan, ostera, Cabello/Carceller-en Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa eta Isidoro Valcárcel Medinaren Arkitektura Goiztiarrak erakusketak bisitau ahal izango dira, baita Antonio Fernándezen Memoria de forma eta Grimanesa Amorósen Scientia instalazinoak be.

Gau Zuria da Bilboko uribilduaren 722. urteurrena gogoratzeko ekitaldi nagusia, baina ez bakarra. Egitaraua bagilaren 15ean hasiko da, Erkoreka plazan. Alkateak eta udalbatzako kideek Bilboko banderea altzauko dabe. 19an, Diego Lopez Harokoaren estatuan lora-eskaintzea egingo da.

Begoña Escribano eta Gonzalo Olabarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu