Miró, Picasso eta June Crespo datoz 2023an Guggenheimera

Bizkaie! 2022-06-08 08:49   Kulturea

Pandemiaren eragina atzean itxita, gero eta bisitari gehiago ditu museoak, batez be atzerrikoak.

June Cresporen eskulturak ikusi ahal izango dira 2023an (argazkiak: Bilboko Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren gaur egungo egoerearen eta datorren urteko nobedadeen barri emon dabe Patronatuaren urteko batzarrean. Pandemiaren momenturik txarrenak pasau dirala agertzen dabe datuek, gero eta bisitari gehiago datozalako eta erakusketak normaltasunez egin leitekezalako.

Museoko arduradunek zabaldutako datuen arabera, 2022a hasi zanetik gaur arte, 347.472 bisitari egon dira Guggenheimen. Ez dago historiako datu onenen artean, baina 2020ko eta 2021eko datuakaz konparauta igoerea nabarmena da: igazko epe berean baino % 38 gehiago da.

Batez be, atzerritik datozan bisitarien kopuruetan igarri da aldea. Oraintsura arte, urruneko bisitari gitxi izan ditu museoak, pandemiagaitik ezarritako murrizketa, pasaporte eta antzekoakaitik. Aurten, baina, ez dago mugak zeharkatzeko hainbesteko oztoporik, eta % 40 igon dau Espainiatik kanpoko bisitarien kopuruak, 2021aren aldean. Erdiak baino gehiago (% 51) izan dira atzerritarrak, frantziarrak gehien.

Publikoaren bisitak pixkanaka suspertzen doazan bitartean, Guggenheim Museoaren komunidadearen hazkundeak ez dau etenik izan azkenaldion. Museoaren Lagunak, Jarraitzaileak eta Erdu programearen onuradunak dira, besteak beste, Community dalakoaren parte eta 115.111 kide dira dagoeneko, igaz baino % 13 gehiago.

Patronatuaren batzarrean 2023ko asmoak be aurreratu ditue. Ohikoa dan moduan, mundu zabaleko artistak egongo dira programazinoan datorren urtean be. Esate baterako, Joan Mirók Parisen egin zituan urteak aztertuko ditu erakusketa batek. Oskar Kokoschkari eskainitako atzera begirakoa be ipiniko dau Guggenheimek, baita Lynette Yiadom-Boakyek 2020 eta 2023 bitartean sortutako margolanak be. Aitatzekoa izango da Giovanni Anselmoren eskulturak, papel ganeko obrak, argazkiak, bideoak eta abar aurkeztuko dituan proposamena.

Bertoko artistei jagokenez, 2023an June Cresporen erakusketea izango da garrantzitsuena. Ikerketa-bide askoren bidegurutzean dagoan haren lan eskultorikoa ezagutu ahal izango da.

Film & Video aretoan, Tacita Dean, Metahaven eta Marine Hugonnier artisten ikus-entzunezko produkzinoak ikusi ahal izango doguz. Amaitzeko, Pablo Picassoren lan eskultorikoak batzeko asmoa be badau museoak, artistea hil zaneko 50. urteurrenean.

Patronatuaren batzarrean honeek egon dira: Iñigo Urkullu lehendakaria; Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru Diputadua; Juan Mª Aburto Bilboko alkatea; Fundazinoaren gobernu-organo goreneko enpresen eta erakundeen ordezkariak; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen zuzendariak, Richard Armstrong eta Juan Ignacio Vidarte, hurranez hurran.

Patronatuko kideak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu