Nobedadez beteta dator Arriaga Antzokiaren 2022-23 denporaldia
2022-06-06 13:42 KultureaOrgia eta La lucha por la vida produkzino propioak dagoz egitarauan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak agerraldia egin dabe 2022-23 denporaldiak ekarriko dituan nobedadeak aurkezteko. 2022ko abuztutik 2023ko bagilera bitartean, dozenaka proposamen helduko dira Arriagara, tartean, operea, antzerkia, musikea eta jantzea.
Proiektu garrantzitsuenetako batez gozetako urtebete itxaron beharko dogu, Arriagaren produkzino propioa dan Orgia operea datorren urteko bagilean emongo dabelako, denporaldia amaitzeko. Pier Paolo Pasoliniren izen bereko antzezlanean oinarritutako obrea da, Héctor Parrak idatzia eta Calixto Bieitoren libretoduna.
Arriagaren beste hiru produkzino musikal be ekarriko ditu 2022-23 denporaldiak. Moto-Membra Jesu Nostri 1680ko konposizino baten bersino eszenikoa da, Eneko Sagardoyk idatzi eta interpretautako testuagaz buztartuta. Siface: L'amor castrato be musikan oinarritutako ikuskizun antzeztua da. Azken produkzinoa Alessandro Scarlattiren Cain, overo il primo omicidio oratorio antzeztua izango da.
Antzerkiari jagokonez, La lucha por la vida da aitagarriena, hori be antzokiaren produkzinoa. Jatorriz Pio Barojak idatzia, Jose Ramon Fernandezen egokitzapena aurkeztuko dau Arriagak 2023ko zezeilean, Ramon Bareak zuzendua. Azken hau antzezle be ibiliko da, Itziar Lazkano, Ione Irazabal, Maria Cerezuela, Alfonso Torregrosa eta Mikel Losadagaz batera.
Alex Gerediagaren Faces programara bueltauko da; Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia antzokiakaz martxan jarritako Antzerkigintza barriak programeari be eutsiko deutse. Oraingoan, Galder Irustaren La celda sin noche ekarriko dau egitarau horrek Arriagara, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.
Euskal Herriko artistei leku zabala egiten ahaleginduko da Arriaga Antzokia hurrengo denporaldian. Gontzal Mendibilek Hazia musikala izeneko ikuskizun barria aurkeztuko dau eta Benito Lertxundi eta Leioako Kantika Korala be entzun ahal izango doguz, besteak beste. Enrike Solinisen doinuek eta Juan Kruz Igerabideren berbek bat egingo dabe Euskelelea saioan.
Foyerreko hitzorduetan, Literatura eta Musika Euskaraz zikloak aurrera egingo dau. 2022-23an, besteak beste, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Itziar Ugarte, Joxan Goikoetxea eta Iker Lauroba pasauko dira foyerretik.
Jantzearen alorrean, Iratxe Ansak eta Igor Bakovichek zabalduko dabe Arriagako denporaldia, CreAcción ikuskizunagaz. Ertza konpainiak Moor krad aurkeztuko dau eta nazinoarteko hiru konpainia handi be etorriko dira: Ballet du Grand Théâtre du Genève, Ballet BC eta Hofesh Shechter Company.
Era berean, hiru altxor aitatu ditue Aburtok eta Bieitok. Batetik, musikea eta antzerkia buztartzen dituan Safo proposamen bitxia. Bigarrenik, Mag Lariren magia ikuskizuna. Hirugarrenik, Cantando bajo la lluvia musikala, Hollywoodeko film klasiko batean oinarritua.
2022-23 denporaldiko ikuskizunetarako sarrerak hilaren 29an ipiniko ditue salgai. Ohiko moduan, Arriaga Antzokiaren webgunean zein txarteldegian erosi ahal izango dira. Ikuskizunen zerrendea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!