'Perros y tuberías' erakusketea, Batzar Nagusien Bilboko egoitzan

Bizkaie! 2022-06-06 12:40   Kulturea

Carmen Valero Rodríguez eta Elena Núñez Mallén artisten obrak batu ditue.

Carmen Valero Rodríguez eta Elena Núñez Mallén, Bilbon (argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

UPV/EHUren Arte Eder Fakultadeko ikasleak dira Carmen Valero Rodríguez eta Elena Núñez Mallén, bertako Pintura Masterreko kideak. Unibersidadearen eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko akordioari esker, Perros y tuberías izeneko erakusketea atondu ahal izan dabe sortzaile gazte biek, Bilbon, Hurtado Amezaga kalean Batzar Nagusiek daben egoitzan.

Pinturea da Perros y tuberías erakusketearen oinarria, artista biek formatu horretan sortzen dituelako euren obrak. Euskarriak, baina, danetarikoak dira: biniloak, egurra, akrilikoak, oihalak, serigrafia... Pintura Masterra egiten ibili diran bitartean Valerok eta Núñezek egindako hamabost obra inguru ikusi leitekez.

Arte abstraktuaren eta figuratiboaren artean dabizan koadroen bidez, artista bakotxak bere ikuspuntutik aztertu ditu bere intereseko gaiak. Itxuraz desbardinak diran interesak gorabehera, erakusketea bien arteko alkarrizketan oinarritu dala dinoe artistek. Bataren eta bestearen obretan topauko doguzan kontzeptuak dira linealagaz kontrajarrita dagoan blokearen inguruko interesa, baita pixka bat anbiguoak diran eta beste figura ezagunago batzukaz batera agertzen diran formak be.

Erakusketearen aurkezpenean, artistakaz batera,  Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Odadui eta EHUko irakasle Iñaki Imaz egon dira. Izan be, Bizkaiko talentu artistiko barriak bultzatzeko hitzarmena dabe Batzar Nagusiek eta EHUk 2011tik. Horren bidez, lantzean behin binakako edo taldekako erakusketak egiten ditue Hurtado Amezagako egoitzan EHUn ikasi daben artista gazteek.

Aste osoan ikusi ahal izango dira Valeroren eta Núñezen artelanak Bilbon, bagilaren 10era arte. Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara dago zabalik. Sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu