Ephraim Asiliren 'Fluid Frontiers' erakutsiko dabe Artium Museoan

Bizkaie! 2022-06-03 12:12   Kulturea

Filmak The Diaspora Suite proiektua zarratuko dau.

Ephraim Asili 'Fluid Frontiers' (2017) filmetan. Eretratua: Oona Mosna | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagile eta hezitzaile estadubatuarrak Afrikako exodoagaz dituan loturak aztertzen ditu filmak.

Ephraim Asilik, Bard Collegen Zinema eta Arte Elektronikoetako irakasleak, Cinéma du Réel zinema dokumentalaren jaialdiaren sari nagusia irabazi eban 2021ean The Inheritance haren lehen film luzeari esker.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Ephraim Asili zinemagile eta hezitzaile estadubatuarraren Fluid Frontiers proiektua aurkeztu dau (Z aretoan, 2022ko garagarrilaren 17ra arte). Museoan The Diaspora Suite saileko bosgarren eta azken filma erakutsiko dabe. Fluid Frontiers-ek —Detroit ibaiaren inguruan filmautakoa 16 mm-tan— erresistentzia eta askapen kontzeptuen arteko hartu-emonak jorratzen ditu. Z aretoa programearen helburua lurralde zinematografikora salto egiten daben artisten eta erakusketa-formatua aztertzen daben zinemagileen lanak erakustea da. Garbiñe Ortega da programearen egungo zikloaren komisarioa. Greg de Cuir Jr. idazle eta komisario independentearen testua dakarren liburuxkea argitaratu dau Artium Museoak.

Ephraim Asili (Roslyn, Pennsylvania, 1979)

Zinemagile, hezitzaile eta irrati-esataria da eta haren ikuspegia Afrikako diasporea da, kultura-indar legez. Haren filmak mundu osoko zinemaldi eta lekuetan erakutsi ditue, New York, Toronto, Ann Arbor (Etorkizun Oparoeneko Zinemagilearen Saria irabazi eban), Milaneko jaialdietan, Boston Museum of Fine Art-en, Maysles Instituten (New York) eta Yerba Buena Center for the Arts-en (San Francisco). Bard Collegen eta Filadelfiako Scribe Video Centerren irakasle eta zuzendari teknikoa da. The Inheritance bere lehen film luzeak Cinéma du Réel zinema dokumentalaren jaialdiko sari nagusia irabazi eban 2021eko edizinoan.

Fluid Frontiers The Diaspora Suite proiektuko bosgarren eta azken filma da eta bertan Ephraim Asilik Afrikako exodoagaz dituan loturak aztertu nahi izan ditu eta horretarako AEBetan, Etiopian, Ghanan, Brasilen eta Jamaikan ibili da.

Orain, besteak beste, Audre Lorde, Sonia Sanchez, Margaret Walker, Etheridge Knight edo Dudley Randall egile ezagunen poemak, Detroit eta Windsor urietako afroamerikar inguruetako biztanleek kalean ozen irakurriak dira filmaren ardatza. Asilik inguru fisikoari be begiratzen deutso, haren gomutetatik bizirik dirauen uri taupadatsu bat erakusten dauen uri-erretratu bat eskaintzeko.

Oharra: Ephraim Asilik erakusketearen edegierea dala-eta bagilaren 4an emon behar eban zinema-lantegia bertan behera itxi behar izan da Artium Museoagaz zerikusirik ez daben arrazoiengaitik.

Z aretoa

Z aretoa programea ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat be. Proiektu honek tarteko espazio bat eregiten dau, zinemaren lurraldera salto egiten daben artisten eta erakusketa-formatua aztertzen daben zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta hareek ezagutarazoteko. Museoan mobimentudun irudia pentsetako keinu erabagigarritik sortutako programea da.

Programan parte hartu daben egileen artean Patricia Esquivias, Rosalind Nashashibi, Eric Baudelaire, Maddi Barber eta Marina Lameiro dagoz, baita Ainara Elgoibar eta Aura Satz be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu