Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa 12.767 lagunek egingo dabe EHUn

Bizkaie! 2022-06-03 11:19   Pil-pilean

Eguaztenean, bagilaren 8an, hasiko dira azterketak.

Ikasleak azterketak egiten (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Une erabagigarria heldu da ikasle askorentzat, datorren astean hasiko dalako Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa (USE), UPV-EHUn egingo dabenentzat, behinik behin. Unibersidade publikoak berak emondako datuaren arabera, 12.767 hautagai aurkeztuko dira azterketetara: Batxilergotik datozan 12.105 eta Lanbide Heziketako 662.

Zenbaki orokor horren barruan ez ditue sartu igazko notea hobetzeko asmoz ikasgai batzuetako azterketak barriro egingo dituenak. Aurtengo USEn, bide hori aukeratu daben 585 lagun dagozala dino EHUk.

Herrialdeka banatuko ditue hautagaiak, bakotxak jagokon lurraldeko campusean egin deian ebaluazinoa. Batxilergokoen artean, Bizkaikoan egongo dira gehien, 6.038; Gipuzkoan 4.359 izango dira eta Araban 1665. Lanbide Heziketako proportzinoa antzekoa da, baina campus batera be ez dagoz atxikiak horreetako 76.

Hizkuntzeari jagokonez, euskerazko modalidadea gaztelaniazkoa baino gehiago aukeratu dabe aurten. Batxilergoan, % 76k euskeraz egingo ditue azterketak eta Lanbide Heziketea bardinduago dago, euskeraz % 56k. Bestetik, hautagaien % 57 emakumeak dira.

Sarbide probetako araudiak autortzen dau hautagai guztiek baldintza egokietan eta bardintasunez azterketak egiteko eskubidea dabela. Hortaz, desgaitasunen bat dabenentzako egokitzapenak egingo ditu EHUk. Halako behar bereziren bat izango dabe 513 ikaslek aurten.

Kontuak kontu, hiru egunekoa izango da USEren ohiko deialdi hau, bagilaren 8tik 10era. Pandemian indarrean jarritako neurri batzuei eutsiko deutse, adibidez azterlekuak aireztatzea eta taldeen egitura malgua. USEren inguruko informazino guztia, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu