Ager Solabarrietak tiroko maisu-klasea emongo dau

Bizkaie! 2022-06-03 08:38   Kirola

Jarduera fisikoa bultzatzeko Basque Teamek eta Ausolanek martxan jarri daben Aktiba zaitez kanpainan.

Goi mailako euskal kirola bultzatzen dauen Basque Team Fundazinoak eta Ausolan kolektiboentzako sukaldaritza enpreseak Aktiba Zaitez kanpainearen 2. edizinoa martxan jarri dabe, bizimodu osasungarria eta jarduera fisikoa sustatzeko. Ekimenak kirol egokituak eskaintzen dituan aukera guztiak ezagutarazotea, ezintasuna daben eta goi mailako kirola egiten daben personak ikusarazotea eta umeak sensibilizetea ditu helburu.

‘Aktiba zaitez’ kanpainea hirugarren hiruhilekoan egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan. Eguerdiko bazkalorduko denpora librea aprobetxauta, proiektuak azpimarratzen dau kirola egitea oinarrizkoa dala osasunari eusteko eta, gazteenen bitartez, gizartea sensibilizau nahi dau kirol egokituarren inguruan eta ezintasuna daben personek aurre egin beharreko erronken inguruan.

Hiru euskal kirolari paralinpikoen bitartez, Agurtzane Egiluz (erruberadun jarlekuko saskibaloia, Gasteiz), Iker Sastre (mahai-tenisa, Bilbo) eta Ager Solabarrieta (tiro egokitua, Ondarroa), datozen hileotan hainbat ekintza eta erronka izango ditue, bazkalaurretik edo bazkalondoren, Ausolanek kudeatutako eskola-jantokietan. Jarduera multzo horren helburua da ikasleek egingo dituen kirol egokituko modalidade batzuk erakustea, aniztasun funtzionala daben personen lekuan jarri eta ikasteko helburuari eutsiz.

Jarduera eta ariketa horreei esker, ikasleei jakinarazoko jake oso garrantzitsua dala elikadura osasungarria izatea, ezintasuna daben personak kirolean eta, oro har, bizitzan sartzea eta Basque Teameko kirolarien bidez, hain ezagunak ez diran beste kirol batzuk ezagutu eta praktiketea, jantokian egon beharreko denporea erabiliz jarduera fisikoa egiteko.

Aktiba zaitez kanpaineak konpromisoa dauka Garapen Jasangarrirako Helburuakaz

Ekimena Garapen Iraunkorrerako hiru helbururi lotuta dago. Aktiba Zaitez kanpaineagaz bat egin daben kirolariek umeei helarazo nahi deutsen mezuetako batzuk azpimarratu ditue.

Ager Solabarrietak azaldu dauenez, egunero eliteko kirolean lehiatzeko oso garrantzitsua da bizimodu osasungarria izatea; maila fisikoan eta mentalean osasuntsu egoten eta aktibo egoten laguntzen deusku eta horregaitik ezinbestekoa da dieta orekatu bat egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu