Uraren Jaia bueltan da

Bizkaie! 2022-06-03 08:17   Kulturea

Bagilaren 4an egingo dabe, Arrigorriagan.

Pandemiaren eraginez, aurreko urte bietan ezin izan da Uraren Jaia egin, baina Bilbo-Bizkaiko Ur Partzuergoak iragarri dauenez, aurten bai, barriro gozau ahal izango dogu egun osoko egitarauaz. Herritarrek, batez be gazteek, ura zentzunez erabiltearen inguruan kontzientzia hartzea da asmoa, modu dibertigarrian.

Zapatuan, hilak 4, izango da 2022ko Uraren Jaia, Arrigorriagan, hango Udalaren babesagaz. Izan be, herri horretan daukaz instalazinorik handienak Ur Partzuergoak, Beteluri auzoan. Hain zuzen be, bisita gidatuak egongo dira eraikina ezagutzeko, eta hango adituek azalpenak emongo ditue. Arrigorriagako jai-eremuan izena emon beharko da, eta autobusak egongo dira Betelurira heltzeko.

Ganerako ekitaldiak Arrigorriagako herrigunean egingo ditue, 10:30etaik 19:00retara. Udaletxeko plazan, Joan XXIII.aren plazan eta Agirre Lehendakariaren parkean 50 jarduera inguru egongo dirala aurreratu dau Ur Partzuergoak.

Umeentzat atonduko ditue puzgarriak, ohe elastikoak, arrantzan egiteko eta txalupakaz olgetako ugerleku txikiak, ur-arrapalea, ludotekea eta ingurumenagaz lotutako gaiak lantzeko beste hainbat espazio. Uretako paintball-a, fotomatoia, skate erakustaldiak eta eraikuntza olgetak be egongo dira.

Irakurri egitaraua hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu