Manuel Balsa 'El Ruso' aire libreko margolaritza-lehiaketea Bilbon

Bizkaie! 2022-06-02 10:08   Kulturea

Bilboko Berreginen Museoaren ekinbidez, bagilaren 4an izango da.



Lehiaketan parte hartzeko Berreginen Museoan izena emon behar da, doban, maiatzaren 31tik bagilaren 3ra, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00retara, edo bagilaren 4an, 08:30etik 10:00etara. Izena emoteko momentuan ziurtagiri bat emongo jako artista bakotxari. Ziurtagiri hori lehiaketearen egunean aurkeztu beharko da eta ez da onartuko lehendik ezarritako epetik kanpoko izen-emoterik. Leitekeena da irabazleek beren artelanak museoan ikusgai jarri ahal izatea.

Bilboko Berreginen Museoak Manuel Balsa El Ruso aire libreko XIII. margolaritza-lehiaketea atondu dau aurten; margolaritzea maite daben guztiek parte hartu ahal izango dabe, umeek zein helduek. Arte-munduaren barruan ibilbide luzea eta ospe handia dauen jarduera hori indarbarrituta bueltauko da aurten, talentua atzemoteko Ume-Gazteen (15 urtera arte) eta Helduen (16 urtetik aurrera) kategorietan.

Dagoeneko 13 urte daroaz Berreginen Museoak Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko kaleak artistaz beteten. Ekitaldia 2022ko bagilaren 4an egingo da Bilboko auzo enblematiko horretan, 08:30etik 14:00etara.

Lehiaketearen helburua da: Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko uri-paisajea (eraikinak, plazak, parkeak, bazterrak...) ondoen islatzen dauen artelana topau eta saritzea. Parte-hartzaileek euren trebetasun teknikoak eta artistikoak plazaratu ahal izango ditue, beti be aiatutako gaiari helduz, probea egingo dan uri-ingurunean. Zenbait urtez akuarelak besterik ez ziran onartu lehiaketan, baina azken urteotan teknika librea da.

Euskarria, laua eta zuria, bagilaren 4an silutuko da, 08:30 eta 10:00ak bitartean, San Frantzisko kaleko 14. zenbakian. Euskarri horren aldeetako bat be ezin izango da izan 50 zentimetro baino laburragoa, ezta 150 zentimetro baino luzeagoa be eta egile bakotxak lan bakarra aurkeztu ahal izango dau. Artistek lana egiteko beharrezkoa daben material guztia ekarri beharko dabe.

Sariak

Manuel Balsa El Ruso 1. saria: 1.000 €

Manuel Balsa El Ruso 2. saria: 500 €

Manuel Balsa El Ruso 3. saria: 250 €

Manuel Balsa El Ruso sari berezia akuarela onenarentzat: 500 €

Umeentzako sari berezia, marrazteko materiala.

Museoko margolaritza-ikastaroko ikasleentzako sari berezia.

Gaian adituak diran personak izango dira epaimahakide eta eurek aukeratuko ditue artelan irabazleak.

Erakunde bizkaitarrak parte hartzeko deia egiten deutse margolaritzea maite daben guztiei parte hartu deien.

Informazino gehiago eta lehiaketaren oinarriak hemen.

Gozau pinturaz eta arteaz, uribilduko txokorik berezienetako batean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu