Ziburuko Liburu eta Disko Azokea egingo dabe bagilaren 4an

Bizkaie! 2022-06-02 08:31   Kulturea

Euskerazko kulturgintzearen nobedadeak erakutsiko ditue sortzaileek.

Igazko edizinoaren momentu bat (argazkia: Dani Blanco/Argia CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirugarren aldiz egingo dabe Liburu eta Disko Azokea Lapurdiko kostaldeko Ziburu herrian, Argia aldizkariak eta Baltsan alkarteak bultzatuta. Zapatuan, bagilaren 4an, da hitzordua eta, erakusmahaiez gan, jarduera ugari egongo dira egun osoan. Euskerazko literaturako eta diskogintzako nobedadeak aurkeztea izango da asmoa.

Antolatzaileek azaldu dabenez, 33 argitaletxe eta diskoetxe joango dira Ziburura euren produktuak erakusten eta saltzen. Tartean dagoz ezagun-ezagunak diran batzuk: Erein, Elkar, Pamiela, Baga-Biga, Susa...

Euskaltzaindiak be erakusmahaia ipiniko dauela aurreratu dau. Hantxe topauko doguz Akademiaren babespean azkenaldion argitaratutako liburuak, berbarako, Txomin Peillenen olerkien bildumea,  Nafarroako Blancaren trajeria eta Zerbitzariren lan aukeratuak.

Ganera, 30 sortzaile inguruk be euren kontura aurkeztuko ditue liburu eta diskoak. Argitaratu barri dituen liburuak sinatzen egongo dira, besteak beste, Lizar Begoña, Asel Luzarraga, Maddi Ane Txoperena eta Asisko Umeneta. Musikarien artean, disko barriak aurkeztuko ditue Ødeik, Pantxoa Karrerek eta beste askok.

Azokeagaz batera atondutako egitarau zabalean, ume zein helduentzako jarduerak egongo dira, goiz eta arratsalde. Esate baterako, bertso eta marrazkien bat-bateko norgehiagokea egingo dabe bikoteka: Axpi eta Zaldieroa, Miren Artetxe eta Igor Elortzaren kontra. Iluntzean, Adar taldeak kontzertua emongo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu