Bilboko Kalealdiak hamabi estreinaldi aurkeztuko ditu
2022-06-01 12:36 KultureaIkuskizun bi itsasadarrean izango dira.
Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, Bilboko Kalealdia, bete-betean dator aurten, edade guztietako publikoa harritzeko eta uriko kaleak girotzeko asmoz. Bagilaren 27tik garagarrilaren 2ra, 33 ikuskizun egongo dira Bilboko hainbat lekutan. Horreetatik hamabi estreinaldiak dira.
Bilboko Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarriak eta jaialdiko zuzendari Pedro Ormazabalek aurkeztu dabe egitaraua. Honeen esanetan, programazino gehiago, eremu gehiago eta dekorazino gehiago da aurtengo edizinoaren ezaugarri nagusia. Uria kaleko arteen agertoki handi bihurtuko dala agindu dabe.
Egitarauan agiri diran konpainien artean orekea bilatu dabe programatzaileek, era guztietako disziplinak egon daitezan: zirkua, jantzea, instalazinoak, antzerkia... Jatorriari jagokonez be, atzerriko taldeei lekua egin deutse, baita euskal konpainiei be.
Kanpotik datozan artisten artean aitatu leitekez, besteak beste, Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia/Espainia); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L’ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); eta Brassass (Argentina).
Euskal konpainiak, ostera, honeek izango dira: Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cía; Mystèrieuses Coiffures; Panpotx Kultur Alkartea; Trakamatraka; eta Zirkozaurre. Proposamen barritzaileak aurkeztuko ditue askok, adibidez, Trakamatrakak bagilaren 28an eta 29an Casilda Iturrizar parkean ipiniko dauen Matraka Culinary Center.
Zazpi agertoki izango dituan ezkero, Kalealdiko eremu nagusietako bat izango da Casilda parkea. Arriaga plazan, Plaza Biribilean, Plaza Barrian, Gas plazan, Bizikidetasun plazan eta Bizkaia Aretoan be ikuskizunak egongo dira.
Dana dala, agertokirik bereziena itsasadarra izango da. Ahalegin tekniko eta logistiko handiari esker, uraren ganean aurkeztuko ditue ikuskizun bi: Noxtrasladamus aragoiarren Volatineros (munduko estreinaldia); eta Swim and Swing taldearen Le piano du Lac.
Aitatutako Volatineros eta Mystèrieuses Coiffuresen Un jardín salido de un cuento misterioso Kalealdiaren 2022ko edizinorako beren-beregi sortutako ikuskizunak dirala nabarmendu dabe Olabarriak eta Ormazabalek aurkezpenean.
Kalealdiko ikuskizun guztiak dobakoak dira, Casilda Iturrizarreko karpan egingo dan bat izan ezik. Nicole & Martin suitzarrek Vasilisa lana eskainiko dabe hor, bagilaren 27tik 29ra, eta sartzeko hiru euro pagau beharko dira. Batutako dirua ongintzarako emongo dau Udalak.
Kalealdia 2022ko egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!