Miguel Hernandez gogoan hartuko dau Pabilioi 6-k

Bizkaie! 2022-06-01 10:10   Kulturea

Antzezlana eta errezital poetikoa dakarz bagilean.

'Miguel Hernandez que estás en los cielos' antzezlaneko lantaldea (argazkia: Pabilioi 6) | Ikusi handiago | Argazki originala

Miguel Hernandez XX. mendearen hasierako poetarik esanguratsuenetako bat izan zan gaztelaniazko letretan, baina gazterik hil zan, 31 urtegaz. Izan be, Francoren diktadura betean, faxistek preso hartu eben errepublikazalea izateagaitik eta kartzelan hil zan, gaixorik. Heriotzearen 80. urteurrenean, Bilboko Pabilioi 6 aretoak gogoan hartu nahi izan dau Hernandez, eta bagilean programazino berezia dakar.

Hasteko, hilaren 4an, 12an eta 19an, Versos y cartas poesia errezitaldia egingo dabe Pabilioi 6-koek, konbidadu ugariren laguntzinoagaz. Ramon Barea izango da saioaren gidaria, eta Ainhoa Rincon (pianoa, ahotsa), Pedro Martinez (ahotsa, txeloa) eta Maite Olmos (ahotsa eta pianoa) izango ditu lagun.

Bestetik, Miguel Hernández que estás en los cielos antzezlana estreinauko dau Bilboko aretoak. Hernandezen bizitzeari errepasoa egiten deutso Unai Izquierdok sortutako obra honek, haren historia ahaztu ez daigun. Lurrari lotutako olerkaria izan zan, idazkera zorrotz eta konbikzino indartsuduna, baina haren bizitzea tragedia bihurtu zan preso hartu ebenean, errepublikazale izate hutsagaitik.

Biopic erako antzezlanetan dabil azkenaldion Unai Izquierdo, oraingoan idazle handi baten obreari eta bizipenei heldu deutse. Poetak behar doguz, hil egiten gaituelako, hil egiten jakuzalako, eta barrien zain gagozan bitartean ondo dago handiak gogoratzea, azaldu dau.

Izquierdo bera agertuko da oholtzan Miguel Hernandezen papelean. Irene Bau, Alfonso Diez eta Yeray Vazquez aktoreak izango ditu alboan. Gorka Martin izango da zuzendaria. Alderdi teknikoez Maria Casanueva, Susana Diez (espazio eszenikoa), Fernando Alcauzar (argiztapena), Aaitz Cabriada (jantziak) eta Yeray Vazquez (soinua) arduratuko dira.

Miguel Hernández que estás en los cielos antzezlana bagilaren 10ean estreinauko dabe, eta bariku, zapatu eta domeketan egongo dira emonaldiak, garagarrilaren 3ra arte. Sarrerak salgai dagoz Pabilioi 6-ren webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu