'269 in memoriam'

Bizkaie! 2022-06-01 08:22   Kulturea

Gernikako Zallo kanposantuan, bagilaren 3an.

Bagilaren 3an beteko dira Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrean hil eta inskribidutako azken presoaren (Benito Fernandez asturiarraren) 80+2. urteurrena. Ospitale militarrak jardun eban urte biko aldikadan (1938-1940) ehundaka preso pasau ziran handik eta euretatik 269 bertan hil ziran, geroago Gernika-Lumoko Udalaren kanposantuan lurperatu zitunak. Familiarteko askok ez dabe oraintsura arte ezagutu non topau euren familiarteakoaren azken lekua.

Urte batzuk dirala, gure alkarteak gogoratu eta izena emoten deutsie 269 preso errepublikanuei, ahaztu ez eta gogora ekarri, euren memoria berreskuratu eta gernikarron memoria kolektiboaren parte bihurtzeko.

Urteurren honen memoria ekitaldian, hildako batzuen familiartekoak eta lagunak bertan egongo dira esfortzua eginez leku askotatik etorri izan diran familiak: Alacant, Murcia, Aragoi, Asturias eta Euskaditik (Sestao, Getxo, Erandio, Basauri, Nabarniz, Astigarraga...). Familia honeen arteko seik familiaren memoriaren testigantzea emongo dabe barikuko ekitaldia hasterakoan. Erakundeak eta instituzinoen laguntza eta presentzia be egongo da: Gernika-Lumoko Alkatea; Eusko Jaurlaritzako Giza-Eskubide, Memoria eta Lankidetzako Sailburuordea; Espainiako Gobernuaren Ordezkaria Euskadin; Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko Sailburuordea; Asturias Printzerriko Justizia Sailburuordea, Euskotren Zuzendari Nagusia, Aragoiko Kultura Ondareko Zuzendari Nagusia, Astigarragako Alkatea... eta laguntzaileak, lagunak eta memoria-alkarteak.

Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Gernika-Lumoko Zallo udal kanposantuan bertan eregitako 269 Memorialaren alboan eta alde musikala Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda Sinfonikoari, laukoteari eta Irene Ojanguren soprano gernikarrari esker izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu