Sormena espazio publikora eroateko asmoz dator XVI. Getxophoto
2022-06-01 08:20 KultureaBagilaren 2tik 26ra egingo dabe aurtengo edizinoa.
Begihandi alkarteak eta Getxoko Udalak Ameriketako ferien antzeko agertoki berezi batean aurkeztu dabe XVI. Getxophoto, Argazkiaren eta Irudiaren Nazinoarteko Jaialdia. 2022ko edizino hau bagilera aurreratu dabenez, bihar, hilak 2, hasiko da. 26ra arte, mundu osoko sortzaileen proposamen barritzaileenek hartuko dabe espazio publikoa, fisikoa zein digitala.
Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez, hunkitzen gaituen gaiak ikusizko arteen bidez jorratzea da Getxophotoren helburua. Pentsakera kritikoa biztuteko eta gizarteagaz alkarrizketea hasteko plataformea da, azken batean. Horregaitik, edizino hau askotarikoa eta parte-hartzailea izango da.
Beste urte batez, Jon Uriarte izango da komisarioa, Londresko The Photographers’ Galleryko komisario digitala. Imajinau gaiaren inguruko egitaraua atondu dau aurten. Horretarako, 26 artistaren obrak aukeratu ditue, hainbat herrialdetakoak: Turkia, Suitza, Bolivia, Japonia, Mexiko... Aire zabalean erakutsiko ditue euren obrak, hiru ardatzetan oinarrituta: Algorta, Romo Kultur Etxea eta Ereaga. Ganera, beste hiru eremu barritara helduko da 2022ko Getxophoto, Punta Begoñara, Algortako Kasinora eta Daduena Etxera.
Egitarau nagusiko 26 artistak open call erako deialdi baten bidez aukeratu ditue. Baina bestelako jarduera ugari be badakarz jaialdiak, gehienbat herritarren parte-hartzeari lotuak. Irudiaren eta ikusizko arteen alorreko aditu eta artistakaz alkarrizketak egongo dira, baita proiekzinoak, bisitaldiak eta beste asko be.
Programa digitalak be badau pisua. Izan be, zabalkunderako edo promozinorako espazioa baino gehiago da mundu digitala Getxophoton, jaialdiaren zati bat bertan jazoten da. Adimen artifizialaren ahalmena neurtzeko tresnea aurkeztuko dau Marco de Mutiisek eta mezuak JPEG formatuan gordeten dituan programea Rosa Menkman eta Ted Davidsek. Aitatzekoa da Miren Izaren proposamena be, musikeagaz lotua.
Espazio fisikoan zein digitalean, badago non aukeratu, beraz, Getxophotoren edizino honetan. Nork bere jarduera gogokoenak aukeratu deiazan, hemen artisten zerrendea eta hemen egitaraua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!