Bilbao Bizkaia Harro-k ortzadarra zabaldu dau Lekeitio, Plentzia eta Santurtzira

Bizkaie! 2022-05-30 13:53   Kulturea

Hitzordua 16tik 29ra izango da.

Aurten be, bagilaren 28an, LGBTI+ Harrotasunaren Egunaren inguruan, kultur eta jai ekitaldien egitarau potoloa dakar Harro-k, aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identidadeko aniztasuna aldarrikatzeko. Azken urte biotan ekitaldi hau murriztu egin behar izan da pandemiagaitik baina aurten ohiko formatura bueltau eta inoiz baino indartsuago dator: Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik be bat egin dabe ekimenagaz, eta herri bakotxak bere jardueren egitaraua izango dau.

Holan, ondi errotutako proposamenak berreskuratuko dira, besteak beste, Arenaleko kontzertuak edo Ur Parade desfilea —itsasontzien desfilea itsasadarrean— eta aurreko bi urte bietan egin ezin izan dako beste hainbat jarduera.

Urtero jarraitu dogu Bilbao Bizkaia Harro, bizi izan dogun osasun larrialdia gorabehera. 2020 eta 2021. urteetan programea murritzago diseinau genduan, egoereagaz bat etorrena. Baina urten genduan kalera, izan be, bizi dogun errealidadeak agirian ixten dau ezinbestekoa dala ahotsa goratzea LGBTI+ kolektiboko
personen alde.

Bilbao Bizkaia HARROk sei bloke tematiko handitan banatutako egitaraua dakar, alkarregaz batzen baitira kulturea, dibersinoa eta aldarrikapena eta edade guztietarako proposamenak: Harro Music, Harro Fun, Harro Culture, Harro Basque, Harro Kids eta Harros Science.

Bilbao Bizkaia Harro hazi egin da eta gero eta handiagoa da. Eta gizarte parekide, libre eta anitz baten alde burrukan parte aktibo izan nahi daben persona, eragile sozial, erakunde eta enpresa guztiei esker hazi da. Bilbao Bizkaia Harro Ortzadar LGBT Alkarteak atontzen dauen ekimena da eta babesle ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BasqueTour. Aurten, gainera, Lekeitio, Plentzia eta Santurtziko udalek be bat egin dabe ekimenagaz. EiTB da komunikabide ofiziala eta Cervezas La Salve garagardao ofiziala.

Bilbao Bizkaia HARRO egiteko eta gero eta indartsuago izateko euren ekarpena egin daben 32 enpresa eta erakundeei eskerrak: Metro Bilbao, Berdindu, Ertzaintza, Euskaltzaindia, Alzola, BBK, Euskal Trenbide Sarea (ETS), BilbaoPort, Euskalduna Jauregia, Athletic Fundazioa, Melia Bilbao, Bizkaiko Batzar Nagusiak, BasqueTeam, UPV/EHU, Donostia International Physics Center, Bilboko Berreginen Museoa, EuskoTren, Itsasmendi, Bilbao Historiko eta San Frantzisko auzoko merkatarien alkartea.

'Danok batera egin behar dogu arraun. Oraindino beharrezkoa da. Datuak argiak dira. Adibidez, Bardindu zerbitzuak (aniztasunarekin lotutako gaietarako Eusko Jaurlaritzako informazino eta arreta zerbitzua) LGBTI-fobiagaz zerikusia daben 34 salaketa atendidu zituan 2021ean Euskadin. Eta titularrek egunero erakusten deuskue intolerantzia eta bazterkeria ez dirala desagertu, mingarriak dirala eta lehenbailehen aurre egin behar deutsegula.

Bilboko Arenalean izango dira jarduera gehienak, Alde Zaharrean, Kale Nagusian eta Pío Baroja kaian -han hasiko da Ur Parade desfilea- egingo dira. Nagilaren 24an eta 25ean Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik hartuko dabe lekukoa, musikea, dibersino eta aldarrikapenez beteko dituelarik euren uriguneak.

Hilaren 29an, Harro Science ekitaldia egingo da UPV/EHUren eskutik. Jardunaldi horretan, LGBTI+ errealidadea landuko da hainbat jakintza-arlo ardatz hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu