Idazle ezagunak Bidebarrieta Kulturgunean, 52. Bilboko Liburu Azokea dala eta
2022-05-30 12:49 KultureaMaiatzaren 31tik bagilaren 9ra izango dira saioak.
Irakurle eta idazleen topaleku, azken nobedadeak ezagutzeko aproposa da Bilboko Liburu Azokea. Aurtengo edizinoa, 52.a, bgilaren 2an hasiko da eta, ohiko moduan, Arenaleko erakusmahaiak izango dira erdigune. Dana dala, handik hur dagoan Bidebarrieta Kulturgunean be literatureagaz lotutako egitarau zabala egongo da irakurzaleen gozamenerako.
Hain zuzen be, Liburu Azokatik pasauko diran idazle ezagunakaz berbaldi eta topaketak egingo ditue Bidebarrietan, maiatzaren 31n hasita. Bertoko zein kanpoko autoreak konbidauko ditue. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta sartzea doban da.
Lehenengo hitzorduan, martitzenean, Javier Alcibar izango da protagonista, Material de uso urgente. 200 poemas errezitaldian. Oraintsu plazaratu dauen poemategia aurkeztuko dau idazle bilbotarrak, Blanca Sarasua, Pedro Ugarte eta Pablo Mendez lagun dituala.
Hurrengo saioak, bagilaren 1ean, Alan Parks eta Felix Linares batuko ditu. Liburu Azokako Zidarrezko Lumea emongo deutse Parksi, eta, bide batez, Bobby March vivirá para siempre obrea aurkeztuko dau. Hilaren 2an, ostera, Rosa Montero izango da Bidebarrietan, aurtengo Atea Sariaren irabazlea.
Barikuan, hilak 3, Kirmen Uriberen txandea izango da. Idoia Jauregi lagun dauela, Izurdeen aurreko bizitza liburuaz egingo dau berba, hiru istorio buztartzen dituan nobelea: Edith Wynner feministeak Rosika Schwimmer aktibista, bakezale eta sufragisteari eskaini eutsan amaitu bako liburua; gaur egungo New Yorkeko euskal familia emigrante baten bizipenak; eta neskato biren arteko adiskidetasunaren gomutak, 1960 eta 70eko hamarkadetan narratzailea emakume iraultzaile talde bategaz batera hazi zanekoak.
Astegoienean deskantsau, eta hurrengo astean, bagilaren 9ra arte, beste lau saio hartuko ditu Bidebarrietako Areto Nagusiak: Fátima Fruto eta Imanol Uribe; Félix G. Madroño; Alicia Giménez Bartlett; eta Mikel Santiago.
Bidebarrietako egitarau osoa hemen (PDF).
Bilboko Udalak aurreratu dauenez, saio guztiak zuzenean emongo ditue Bidebarrieta Kulturgunearen kanalean, streaming bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!