Hasi dira Batzar Nagusien egoitzak ezagutzeko bisitaldiak

Bizkaie! 2022-05-30 10:56   Kulturea

Bilbo eta Abellanedatik pasau eta gero, Gernikan eta Gerediagan dira hurrengo hitzorduak.

Bisitariak Abellanedan (argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euren egoitzak erakusteko asmoz hasi dira Bizkaiko Batzar Nagusiak bisitaldi gidatuak antolatzen, Batzarretik batzarrera izenburupean. Izan be, historiaren gorabeherak dirala eta, gaur egun lau egoitza nagusi ditu erakunde horrek, eta lauretan egiten dira batzarrak. Bilbo, Abellaneda, Gernika eta Gerediagako batzar etxeak ezagutu leikiez, beraz, interesa daben herritarrek.

Astegoienean ekin deutse Batzarretik batzarrera programeari, Bilbon eta Abellanedan. Lehenengo, Bizkaiko uriburuko Hurtado Amezaga kalean dagoan egoitzea bisitau dabe. Ondoren, autobusa hartu, eta Sopuerta aldera jo dabe, hantxe dagoalako Abellanedako Batzar Etxea.

Enkarterriko Batzarrak batzeko lekua izan zan (1394an lehenengoz), eta gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat da. Korrejidorearen Etxea, Batzarkideen ostatua eta Aingeru Zaindariaren ermitea be ezagutu ditue bisitariek Abellanedan.

Eraikin historikook ezagutzeko gogoa dabenek, oraindino be beste aukera bi izango ditue: bagilaren 12an Gernikako Batzar Etxera joango dira; 19an, Abadiñora, Gerediagako Batzar Etxera. Azken hau Durangaldeko Merinaldeko Batzarren egoitzea izan zan.

Lau eraikinetara egindako bisitak, Batzar Nagusiak Bizkaiko herritarrei edegiteko proiektu zabalagoaren parte dira. Helburua da Europako erakunde parlamentario zaharrenetakoa dan horri balioa emotea. Gaur egun, oraindino be, politikearen, gizartearen, ekonomiaren eta kulturearen ikuspegietatik aktibo garrantzitsua da Bizkaiko gizartearentzat, bertan hartzen diralako herritarren egunerokoan eragina daben erabagi garrantzitsuak.

Bisitaldi gidatuez gan, Bizkaiko Batzar Nagusien ezaugarriak eta historia azaltzen dituan erakusketa ibiltaria dabil herririk herri hileotan. Orain, Ermuan dago.

Bilboko Batzar Nagusien egoitzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu