Ander Izagirre saritu dabe Polonian
2022-05-30 07:50 KultureaLiteratura erreportajeen Kapuscinski saria emon deutse, Potosí liburuagaitik.
Mundu zabaleko irakurleak hunkitu ditu Ander Izagirre kazetari, idazle eta bidaiari donostiarraren Potosí liburuak. Oraingo honetan, Poloniatik etorri jako errekonozimendua, herrialde haretako sari literariorik garrantzitsuenetako bat emon deutse eta: Literatura erreportajeen Ryszard Kapuscinski saria.
Varsovia uriburuan izan da sariak emoteko ekitaldia, eta hantxe egon da Izagirre. Beste finalistak be maila handikoak izan diran arren, Potosí-ren alde egin dau epaimahaiak. Igazko edizinoan Svetlana Aleksievitx Nobel sariduna izan zan irabazlea, horrek emoten dau Izagirreri egindako autortzearen neurria.
Zapatu iluntzean saria jaso, eta domekan Varsoviako liburu azokan parte hartu dau kazetari donostiarrak. Berbaldi bat be emon dau.
Boliviako meatzeetan lan egiten dauen ume baten, Aliciaren, bizimodu latza kontetan dau Izagirrek Potosí liburuan. Lehenengo edizinoaren ostean, Boliviara joaten segidu dau, edizino barriagoetan kapitulu gehiago sartzeko. Esate baterako, orain arteko azken argitalpeneko azken ataletan, Alicia heldua da, 25 urte ditu eta ama da.
Polonian Potosí argitaratzen lagundu deutsen guztiei eskerrak emon deutsez Izagirrek, hasteko Jerzi Wolk-Laniewski itzultzaileari. Gogoan izan ditu, ganera, Renata Kasprzak, Juanjo Boya, Dorota Nowak eta Ewa Wielezynska, baita Wydawnictwo Filtry argitaletxea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!