Georgiako eta Euskadiko kulturen arteko loturea indartu dabe
2022-05-27 10:57 KultureaKaukasoko herrialdeko erakunde akademikoakaz batzartu da Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat.
Georgiarren eta euskaldunen arteko hartu-emonak sendoak dira aspalditik, hango eta hemengo erakundeek alkarlanaren alde egindako apustuari esker. Lotura hori indartzeko asmoz joan da Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Kaukasoko herrialdera, Andoni Iturbe Kultura sailburuordea buru.
Batez be, erakunde akademikoetako arduradunakaz eta kulturgintzako eragileakaz batu da Iturbe. Ganera, Georgiako eta Euskadiko gobernuen artean dagoan lankidetzea handitu eta alkarregaz proiektuak bultzatzea adostu dabe alde biek.
Georgiako Estaduko Unibersidadearen campusean Gernikako arbolearen kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartu eta gero, Iturbe bertako errektore George Sharvashidzegaz eta honen lantaldeagaz batzartu da.
Izan be, Georgiako Ivane Javakhishvili Estadu Unibersidadeak lotura estua dau euskereagaz eta euskal kultureagaz, 2019an Etxepare Euskal Institutuagaz martxan ipinitako lankidetzeari esker. Alkarlan horren ondorioz, euskera eta euskal kulturako irakurletzea dago 2021-2022 ikasturtetik, hau da, euskal ikasketak Georgiako Unibersidadearen eskaintza akademikoaren parte dira.
Era berean, Tamar Tsulukidze Kulturea Sustatzeko eta Sormenerako zuzendariagaz batu da Iturbe, euskalgintzearen eta euskal kulturearen zabalkunderako hainbat proiektu aztertzeko.
Bestetik, Tbilisi uriburuko unibersidadeak Literatur Konparatuen Nazinoarteko Kongresua egingo dau aurten, garagarrilaren 25etik 29ra, eta, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, egun oso bat eskainiko deutse euskal eta georgiar literatura konparatuei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!