Ibilbideari elkar saria Elhuyarrek eta UEUk eskuratu dabe eta Ines Osinagak Joseba Jaka bekea
2022-05-27 09:26 Kulturea2022ko elkar sariak emon ditue.
elkar sarien laugarren sari-emote ekitaldia egin dabe Adunako egoitza barrian. Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baita komunikazino ikuspegitik, elkar egiten dagoan lana ezagutzera emon eta Euskal Herriko eragileakaz konpartidutea be. Aurten, gainera, 50. urteurrena erabili dabe egoitza barria inguratutako guztiei erakusteko.
Aurtengo ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehen tartean Ibilbideari elkar saria emon jake aurten 50 urte bete dituen Elhyuyarri eta Udako Euskal Unibersidadeari (UEU) eta ondoren, urte birik behin emoten dan Joseba Jaka bekea emon jako Ines Osinaga musikariari. Ekitaldia amaitzeko, Inesek berak kantu pare bat eskaini ditu zuzenean. Behin ekitaldia amaitutakoan, nahi ebanak aukerea izan dau eraikin barria ezagutzeko Mikel Esnal zuzendari kudeatzaileak gidatuta.
Ibilbideari elkar saria:
Aurten sari bi emon ditu elkar-ek lez, 50 urte bete dituen erakunde biren ibilbidea eta lana gogoratu eta eskertzeko: Elhuyar eta UEU (Udako Euskal Unibersidadea).
Elhuyar injinerutzea ikasten ibilitako euskaltzaleen eskutik sortu zan 1972an eta lehen urratsak zientziari lotuta emon zituen, zientziarako euskera-eredua eta terminologia lantzen eta irakaskuntzarako euskerazko materiala argitaratzen. Hiztegigintzan be lan oparoa egin dau Elhuyarrek, erreferente nagusietakoa izan baita urte luzez, adibidez, Elhuyar hiztegia. Irakaskuntza materialaren lanketan eta hiztegigintzan hainbat urtez alkarlanean ibili izan dira elkar eta Elhuyar. Euskerearen normalizazinoa helburu dauen erakunde garrantzitsua da, beraz, 50 urteko ibilbide luze eta arrakastatsua egin dauen Elhuyar.
UEU euskal unibersidadea sortzeko asmoz sortu zan orain 50 urte, euskereak unibersidadean be eban presentzia eskasaren aurrean, ikusi ebelako euskereak, eremu guztietara naturaltasunez zabaltzeko bidean, unibersidadea behar ebala. Euskal unibersidadea helburu, hiru eremutan egin dau eta egiten dau lan UEUk: euskerearen eta unibersidadearen arteko zubiak eregiten; euskal komunidade zientifiko-intelektuala batzen; unibersidade gaiak produzidu eta gizartera bideratzen.
Erakunde bi, egiteko bi, ibilbide bi eta helburu bera: euskerearen normalizazinoa, Euskal Herri euskalduna:
Euskaltzaindiaren izenean Jon Abril eta Lurdes Ansak jaso dabe saria eta UEUren izenean, barriz, Ane Sarasuak, Joxemari Sors eta Jon Jaka, elkar Fundazinoko lehendakaria eta idazkariaren eskutik. Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako artelan bana jaso dabe.
Joseba Jaka bekea
2016an Fundazinoak Joseba Jaka bekea berpiztu ebanean, sormenerako beka izango zala erabagi zan eta deialdi bakotxean erabagiko zala zein kultur adierazpidetara bideratu. Aurten, lehenengo aldiz, musika sormenerako izan da. Ines Osinagak Jon Jakaren eskutik jaso dau Itsasoa da bide bakarra proiektua lantzeko.
Joana Barbier, Jon Eskisabel eta Sara Zozaya izan dira epaimahaian eta azken honek arrazoi honeek emon ditu bekea Ines Osinagaren proiektuari emoteko: proiektu bizia da, aldez aurretik zarratuta ez dagoana, sormen prozesuko momentuan momentuko bizipen, jazoera eta esperientziek formea emon eta edukiz osotuko dabena.
Bestalde, handigurako proiektua eta maila artistikoan interesgarria begitandu jako epaimahaiari. Batetik, orain zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoagaz joan-etorriko bidaia edo hartu-emon dialektikoak planteetan ditu, disko haretako kantuak testuinguru ezbardin batean birsortu eta barrinterpretetea proponidutena dauelako. Bestetik, hamar kantu barri dagoz diskoa, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabautakoak. Disko bat egitea baino gehiago da, Kubako kulturea, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukerea emongo dauelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, aparteko garrantzia dabe proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti barrien protagonistak eta diskoan parte hartuko daben musikariak emakumeak dira.
Ekitaldia Joxemari Sors, elkar Fundazinoko buruaren berbakaz zarratu da: elkar-en 50. urteurrena ekarri dau gogora eta lehenengo Joseba Jaka eta bere ekarpena nabarmendu ditu. Paradigma aldaketa batean sartuta gagozala aitatu dau: Digitalizazinoak dakarren aldaketa euskarrietan, edukian eta merkaturatze prozesuan; konsumo kulturalaren aldaketea eta aukera barriak; kulturearen desmaterializazinoa eta balioa galtzea; euskal kulturearen ikusgarritasun faltea. Mundu globalizatu batean sartuta gagoz eta hori ez dogu guk aldatuko, mundu hori momentuz geratzeko etorria da. Beraz, aldaketa horreekaz lan egin behar dogu. Urteurren honetan, indarrean eta balioan jarri nahi izan ditu Sorsek gaur egun elkar Taldean ardura postuetan dagozan personak: Sortzaileok belaunaldi barri baten esku itxi ditugu ardurak eta eurei eskertu behar jake, lankide kolektibo guztien laguntzeagaz, elkar-en gaur eguneko egoerea. Belaunaldi aldaketea egin izana da elkar-eko beste baloreetako bat, jarraipena ziurtatu baita etxean. Eta amaitu dau esanaz hasierako balore eta helburuei eutsiz jarraituko dauela taldeak lanean, ahalik eta urte gehien beteten, ahal bada, beste 50.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!