Sopuertako Gerra Zibileko biktimak omendu ditue

Bizkaie! 2022-05-27 08:23   Kulturea

Enkarterri Museoaren eta Sopuertako Udalaren ekimena izan da.



Paca Marcelino Perniak, Asun Jiménez Cosgayak, Visi Dieguezek, Che Serna Ocejok eta Gaspar Neira Rotaetxek bizirik urten eben Gerra Zibiletik eta Enkarterriko bihotza astindu eban gatazka beliko horren ondorioak jasan zituen. Zortzi hamarkada baino gehiago geroago, sasoi haretan ume edo nerabe ziran Sopuertako bizilagunek omenaldi beroa jaso dabe Enkarterri Museoan, Abellanedako kulturguneak Sopuertako Udalaren laguntzeagaz atondutako ekitaldian. Gerraren biktima horreei egindako aintzatespena gerraoste gogorra eta diktadurearen urterik txarrenak sufridu zituen personei be egin jake, baita errepresino-muetaren bat jasan eta daborduko hilda dagozan guztiei be. Herri horretako 93 persona hil ziran gerraren biktima moduan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan museoan egindako ekitaldira Sopuertako herritar asko hurreratu dira, bai eta biktimen senideak eta Enkarterriko udalerriagaz lotutako personak be, horreen artean Unai Ibarrondo gaur egungo alkatea edo Javier de la Colina, herriko farmazialaria eta Enkarterri Museoagaz kolaboretan dauen ikertzailea. Azken horrek herri horretako joanaldiko testigantzak eta istorioak batu ditu.

Javier Barrio Enkarterri Museoko zuzendariak zabaldu dau omenaldi-ekitaldia eta aurkezpen txikia egin ostean Gerra Zibilaren lekuko izandako eta gerraoste gogorra eta Diktadurearen urterik txarrenak be jasan zituen bost protagonista horreen istorioen zertzeladea emon dau, kontakizun biografiko moduan. Istorioek Sopuertako biztanleen belaunaldi hari jazotakoa laburbatzen dabe, umezaroan edo nerabezaroan zehar heldu lez bizitzea egokitu jakelako, inoiz pentsauko ez zituen egoeretan. Hori da Gaspar Neira Rotaetxeren kasua, bizirik geratzen dan azkenengo soldadua. Beste asko lez 18 urte betetean burrukara joan zan derrigorrez, Francoren tropen okupazino betean. Asun Jiménez Cosgaya, Visi Diéguez, Che Serna edo Paca Marcelino Pernia oraindino neskatoak zirala astindu zituen gerreak. Lehenengoak, 7 urtegaz, Sopuertatik Ampuerora iges egin behar izan eban familiagaz eta bertan orduko bonbardaketarik gogorrenetakoak atrapa zituan. Sopuertako bere etxea nazionalen eta errepublikarren arteko frontearen erdian geratu zan eta bueltau ziranean, hauts eginda topau eben.

Beste alde batetik, Dieguezek aitaren, neben eta lehengusuen espetxeratzea sufridu eban eta bera be, umea zala, oinez joan behar izan zan amagaz, izekoakaz eta ahiztakaz Santanderrera, kartzelan egozan bitartean janaria eroan ahal izateko. Sopuertara bueltau ziran handik gitxira, basoetan izkutatuta be ibili ziran inork ez atrapetako.

Che Serna gerrako umea izan zan. Habana ontzia hartu eban Santurtzin eta hiru urte emon zituan Belgikako familia bategaz. Bueltau zanean, nebak kartzelan egozala ikusi eban, urte bi Sopuertako baserrian izkutetea erabagi eban eta garai haretako sator ospetsuenetakoa bihurtu zan.

Orain dala 85 urte Sopuertan jazo ziran istorio txikiak dira eta gaur egun gerratik bizirik urten eben bost horreen bizitzea Enkarterri Museoan kurutzatu da barriro, Ukraina sufriduten dagoan gerrearen moduko gerrea sufridu eben sopuertarren belaunaldi horri ohore eginez. Sopuertako 200 bizilagun baino gehiago hil edo espetxeratu edo errepresaliatu zituen gerran eta gerraostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu