Gasteizko F2P Campusa hirugarrenez egingo dabe udan

Bizkaie! 2022-05-26 12:50   Kulturea

Munduko free-to-play bideo-jokoen lehen campus azeleratzailea da.

Euneizen egin dabe aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bideo-jokoen sektorean sormena eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko asmoz egingo dabe, hirugarren aldiz, F2P Campusa, Gasteizen, garagarrilaren 18tik irailaren 18ra. Berau aurkezteko agerraldian egon dira Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro González, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Euneizko presidente Jordi Roche eta F2P Campuseko zuzendari Raúl Herrero.

Free-to-play erako bideo-jokoen munduan erreferente diran adituek eta profesionalek hartuko dabe parte campusean, Araban zein Euskal Herri osoan hazkunde betean dan sektore horren inguruko azken nobedadeak azaltzeko. Free-to-play bideo-jokoen ohiko gaiak aitatzeaz gan, jokerarik barrienak be sartuko ditue egitarauan, adibidez, blockchain teknologia, play-to-earn negozio-eredua eta NFTak.

Aurtengo edizinoak dakarren beste nobedade bat egoitzea izango da. Gasteizen zabaldu barri daben Euneiz unibersidade pribaduaren egoitzara eroango ditue ekitaldi nagusiak. Teknologia barrietan, kirolean eta osasunean zentrauta, irailean hasiko dau lehenengo ikasturtea Euneizek.

Munduko free-to-play bideo-jokoen lehen campus azeleratzailea da, eta sektore horren uriburu izango da Gasteiz ekimea martxan dagoan hile bietan. Uri eta lurralde lez, lekua egin nahi dogu, eta erreferentzia bihurtu, goraldian dan eta talentua, barrikuntzea, aberastasuna eta enplegua sortzen dituan esparru honetan, adierazo dau Ramiro Gonzalez diputaduak.

Araba talentua erakarteko bitartekoa be izango da F2P campusa. Bingen Zupiria sailburuaren esanetan, Kultura eta Somen Industrien barruan ikusten dabe sektore hori, eta barrikuntzeagaz be lotura estua dau. Helburua ez da produkzino kultural bikainak sustatzea bakarrik, enpresa sendo eta lehiakorrak sustatzea be bada, ganeratu dau.

Bestetik, bultzadea emon nahi deutso Jaurlaritzeak euskerazko sormenari, batez be bideo-jokoen alorrean. Euskerearentzat irabazi nahi dogun eremua da. Konpromiso horri erantzunez Game Erauntsia alkarteagaz badogu hitzarmen bat, bideo-jokoak euskerara itzuli, sortzaile euskaldunakaz hartu-emonak sustatu eta gazte zein helduei euskeraz olgetako moduak emoten gabiz, azaldu dau Zupiriak.

Bagilaren 5era arte dago F2P Campusean izena emoteko epea. Antolatzaileek aurreratu dabenez, sektoreko adituakaz berbaldiak eta tailerrak egongo dira, herritar guztientzat aproposak. Ganera, bost talde profesional be aukeratuko ditue, Gasteizen euren proiektuak sortu deiezen. Sektorean hasi nahi dabenei orientazinoa emoteko saioak be atonduko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu