Ephraim Asili zinemagile eta hezitzaileak lantegia eskainiko dau Artium Museoan

Bizkaie! 2022-05-26 08:52   Kulturea

Produkzino barrietan, soinu eta irudi metodologia azalduko dau.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, lantegi bat egingo dau Ephraim Asili zinemagile eta hezitzaile estadubatuarragaz bagilaren 4an, zapatuan, 15:00etatik 19:00etara. Lantegia ikus-entzunezko proiektu bati ekiteko interesa dauenarentzat da aproposa. Asili, Bard Collegeko Zinema eta Arte Elektronikoetako irakaslea, ezaguna da bere herrialdeko zinema independentearen barruan. Haren filmetan sarritan jorratzen ditu Afrikako diasporearen gaia eta haren nortasun kulturala. Zapatu horretan bertan, Artium Museoko Z aretoan, zinemagile honen Fluid Frontiers proiektua edegiko da. Ikastaroa ingelesez egingo da, doban. Aurretik izena emon behar da izen-emateak@artium.eus helbide elektronikoan.

Irudiak

Ephraim Asili zinegile, artista eta hezitzailea da eta Afrikako diasporea da haren lanen gai nagusia, kultura-indar legez. Haren filmak mundu osoko jaialdi eta erakundeetan erakutsi dira, besteak beste, New York Film Festivalen, Toronto International Film Festivalen, Berlinalen eta Rotterdamgo Nazinoarteko Zinema Jaialdian. The Inheritance haren film luzea 2020ko Toronto International Film Festivalen estreinau eben eta Whitney Museum of American Art-ek erosi barri dau bilduma iraunkorrerako.

2021ean Ephraim Asilik John Simon Guggenheim Foundation Memorial bekea jaso eban. Asili Bard Collegeko Zinema eta Arte Elektronikoko Departamentuko irakasleaeta zuzendaria da eta New Yorkeko Milton Avery School of the Arts zinema-programazinoaren zuzendarikidea.

Sight/Sound Clash/Improv. lantegian Ephraim Asilik bere azken lanetan arakatutako metodologiei buruzko zehetasunak emongo ditu, hau da, Fluid Frontiers, Measuring Time eta The Inheritance filmetan. Lantegiaren lehen zatian ikerketea izango da ardatz, bigarrenean soinua eta hirugarrenean irudia.

Z aretoan izango dauen parte-hartzeagaitik dago Ephraim Asili Artium Museoan. Programa horretan, Fluid Frontiers proiektua aurkeztuko dau eta lantegiaz gan, zinemagileak berbaldi bat emongo dau bagilaren 4an, zapatuan, eguerdiko 12:00etan, Garbiñe Ortega Z aretoko komisarioagaz batera.

Ephraim Asiliren lantegia

Bagilaren 4an, zapatuan, 15:00etatik 19:00etara, Artium Museoaren Emonaldi aretoan. Lantegia ingelesez izango da. Doban. Izen-emoteak: izenemateak@artium.eus. Jarlekuak bete arte.

Bagilaren 4an, zapatuan, 12:00etan, Ephraim Asiliren eta Garbiñe Ortegaren arteko barriketaldia. Doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu