V. Santutxu Kolorea, bagilaren 3tik 5era
2022-05-26 08:16 KultureaEuskal jantzak, musika tradizionala eta proposamen garaikideak izango dira nagusi.
Bilboko Udalak atonduta, Santutxuko Karmelo plazara bueltauko da bosgarren urtez eta jantzariak, kalejirak, gaiteroak eta jantza garaikideko proposamenak batuko dira Santutxun, bertaratutako guztiek euskal kulturearen inguruko hitzorduez gozetako aukerea izan deien. Santutxuko Gaztedi Dantzari Taldearen 70+1 urteurrena ospatuko da.
Santutxu kolorea bagilaren 3an, barikuan, jarriko da martxan, 19:00etan, Aukeran Dantza Taldearen Hurrengo Geltokia... ikuskizunagaz; konpainia honek jantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajearen alde egiten dau, jantza eta musika tradizionalaren erritmoa eta arauak aldatuz, motelduz edo desegituratuz.
Ondoren, 20:00etan, Amurrioko Bildhotsak-en kalejira musikala izango da; Karmelo plazan hasi eta Allende, Arsuaga eta Ricardo Bastida Arkitektoen kaleetan barrena eta Karmelo plazan amaituko da.
Zapatuan, hilaren 4an, Gaztediko txistularien kalejireagaz hasiko da eguna, 10:00etan eta Proyecto Larrua (Gasteiz) eta Eva Guerrero Konpainia (Bilbo) taldeek jarraituko dabe, 13:00ean. Larrua proiektuko Muda larruazalaren gainean jorratzen dauen piezen triptiko baten zati da. Eva Guerrero Konpainiaren Gorpuztu laburra jantza garaikideko ikuskizuna da, orekearen bilaketeari buruzkoa.
19:00etan, euskal jantzak Karmelo Plazan izango dira Iruñeko Duguna Dantzariak eta Gaztedi Dantzari Taldea taldeen eskutik. Azkena, Bizkaiko jantza talde beteranoenetako bat da, Santutxun 1951n sortua eta Bilbotik euskal folklorea sustatzeko eta euskal kultura beste herri eta herrialde batzuetara zabaltzeko ardurea dauena. Nabarmentzekoa da Nafarroan erreferente dan Iruñeko Duguna Dantzariak taldea, folklorea, kulturea, musikea eta jantza tradizionalak aztertzen eta sustatzen dituana.
Domekan, hilaren 5ean, 10:00etan, Gaztediko gaiteroek kalejirea egingo dabe Santutxun eta eguerdiko 12:00etan erraldoien desfilearen txandea izango da: Kietb Erraldoiak (Bermeo), Arai Erraldoien Konpartsa (Gasteiz) eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak (Bilbo) konparsek parte hartuko dabe, Santutxuko kaleak alaituz. Ibilbidea honako hau izango da: Karmelo plazea, Julian Bolivar Elorduy kalea, Santutxu kalea, Juan de la Cosa kalea, Iturriaga kalea, Karmelo biribilgunea, Ricardo Bastida Arkitektoaren plaza eta Karmelo plazea. 14:00etan, erraldoiek agur esango deutse Santutxu Koloreari Karmelo plazan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!