Iagoba Molyren diseinuak apainduko dau BilbaoArteko fatxadea

Bizkaie! 2022-05-25 13:33   Kulturea

Lehiaketa bidez aukeratu dabe Rojo, blanco, etc. izeneko proposamena.

Holan geratuko da BilbaoArteren fatxadea, Iagoba Molyren diseinuaren arabera. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Urazurrutia kalean BilbaoArtek daukan egoitzako fatxadea barritzeko ordua heldu dala erabagi dau Udalak eta, horretarako, artisten eta diseinatzaileen artean idea lehiaketea ipini dau martxan. Proposamen guztiak aztertu eta gero, Iagoba Molyren Rojo, blanco, etc. izenekoa aukeratu dabe. Hortaz, diseinu horrek apainduko dau eraikineko aurrealdeko hormea.

Molyren diseinuan zuria eta gorria dira oinarrizko koloreak, hau da, BilbaoArteren logotipoagaz bat dator. Fatxadako harlanduetan kolore-eskalak ipiniko ditu degradatuen bidez, baina eraikinaren sarrerearen aldean, aitatutako gorria eta zuria izango dira nagusi.

Iagoba Moly diseinatzailearen arabera, bere diseinuak itxura esperimentalagoa eta artistikoagoa emongo deutso eraikinari, baina fatxada neoklasikoa erabat ezabatu barik. Gregorio de Ibarretxe Ugarteren eraikineko elementu apaingarri eta arkitektonikoakaz olgau dot.

Fatxadearen diseinu barria aukeratzeko prozesura 34 proposamen aurkeztu ziran, eta epaimahaiak hamar finalista aukeratu zituan. Horreek hamarrak ikusgai egon dira BilbaoArten bertan, maiatzeko lehenengo asteetan. Herritarrek botoa emon ahal izan dabe, eta epaimahaikoek kontuan hartu dabe. Irabazleari 6.000 euro emon deutsez.

Beste finalistak honeek izan dira: Manu Arregui, Esteban Torres, Guillermo Melgosa, Javier Rodríguez, Fermín Moreno, Maite Choya-Daniel Alegrete, Iván Beltrán, eta Leire Zabala. Azken honen proposamen bi heldu dira finalera.

Kontuak kontu, laster diseinu barria izango dau BilbaoArteren kanpoaldeak, Iagoba Molyren proposamena gauzatzen hasiko diralako egunotan. Enpresa espezializadu bat arduratuko da lan horretaz, baina diseinatzaileak gainbegiratuko dau prozesu guztia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu