‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-05-24 13:06   Kulturea

Joseba Sarrionandia euskal idazleak eta Aristides Esteban ilustratzaile kubatarrak

Munduari bira eman zion ontzia, 10 urtetik gorako irakurleentzako ipuina, Joseba Sarrionandia euskal idazlearen eta Ares ilustratzaile kubatarraren arteko alkarlanaren emoitzea da. Historia-irakasle batek lobeagaz Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz izandako alkarrizketa luzea jasoten dau lanak. Lobeak benetako historia gura dau eta ez ipuin gehiago. Kontakizunak egungo arazo ugari planteetan ditu alkarrizketa alai eta ironiaz betetakoan. Ontzia euskal berbearen esangura bikotxagaz olgau eta (itsasontzia zein edukiontzia izan daiteke) Sarrik dino liburua, gainera, gomutarako eta espiritu kritikorako edukiontzia be badala.

Joseba Sarrionandiak eta Aristides Hernandezek lana aurkeztu dabe gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan, Ion Irurzun Elkano Fundazinoko zuzendariagaz eta Eli Irazu Pamielako editoreagaz batera. Ekitaldian izan da Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria be eta erakunde horri esker, liburua gaztelaniara, katalanera eta galizierara itzuliko da.

Orain 500 urte Elkanok egin eban bidaiari eta horrek gaur egungo egoereagaz dituan loturei jagokenez, Sarrionandiak esan dau joandakoa ez dagoala hilda. Ontzi hareek lehen globalizazinoaren balio enblematikoa dabe eta oraingo hegazkinak eta sateliteak enegarren globalizazinoa dira.

Aristidesek gaineratu du liburuak ikaskuntza handia ekarri deutsola: Liburua ilustraukeran, historia bat ezagutu neban, munduari birea emon eutsenena, ondo ezagutzen nebala pentsau arren, ez neban, inondik inora be ezagutzen. Lan egiteko moduari jagokonez be esperientzia barria izan da niretzako, orain arte beti emon deustie liburua idatzita, ilustrazinoak txertatzeko espazio zuriakaz. Sarrigaz alkarlanean ibiltea testuak eta irudiak lau eskutara zelan sortzen ziran ikustea izan da, osotasunak formea eta esangurea zelan hartzen eban ikustea. Lan egiteko bestelako modu bat izan da niretzat.

Ion Irurzunen eretxiz, lankidetza horren emoitzea hausnarketez beteriko lana izan da, edade guztietako irakurleak ziztatzea lortuko dauena, bai testuen bidez, bai ilustrazinoen bidez.

Pamiela argitaletxearen izenean, Eli Irazuk nabarmendu dauenez, itsasoari begira bizi zan herri baten historiaren kapitulu harrigarri bat konteteaz gan, egungo munduko milaka arazo garrantzitsuren inguruan hausnartzeko proposamena dakar liburuak. Edizinoari jagokonez, jakinarazo dau euskerazko 3.000 aleko inprimaketea egin dala hasieran eta haren ustez, liburu egokia izan daiteke belaunaldi honetako eta hurrengo belaunaldietako gazteentzat.

Gaur arratsaldean bertan, Sarrik eta Aristidesek aurkezpen edegia egingo dabe Getariako Iturzaeta aretoan, 19:30etan. Aurretik, ipuinaren lagungarri diran ilustrazinoak ezagutarazoteko erakusketa ibiltari bat inaugurauko da; aurrerago, erakusketea Donostiako Euskal Itsas Museoan ikusi ahal izango da.

Elkano Fundazinoaren helburua edade guztietako publikoen arteko lehen zirkumnabigazinoaren inguruko zehetasunak eta hausnarketea sustatzea da. Fundazinoak liburua herrialdeko ikastetxeetara banatzen lagunduko dau, mundubireagaz loturea dauena zabaltzeko eta jazoera historiko hari buruzko kontakizun propioa ezagutarazoteko estrategiaren barruan.


Joseba Sarrionandia (Iurreta-Durango, 1958)

Soziologia eta filologia ikasi zituan. 1980tik 1985era egon zan preso eta ordutik erbesteratuta, 2021ean Euskal Herrira bueltau zan arte. Euskal idazle ezaguna. Lan aitagarriak ditu narratiban, olerkian eta saiakeran, besteak beste, Moroak gara behelaino artean? (Euskadi Saiakera Saria, 2011), Hilda dago poesia?, Sarriren olerki-bildumea, 2016an argitaratua. Azken liburua, Gauzak direna balira 2020-2021 bitartean Habanan izan eban bizitzako egunkari moduko bat da.

Aristides Esteban Hernandez (Habana, 1963)

Mediku psikiatrea da eta karikaturagilea eta ilustratzailea ogibidez. 1994an, Witty World aldizkariak munduko umorista grafiko onenen artean aukeratu eban. Bost kontinenteetan izan ditu erakusgari kartelak eta margolanak. Sari garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, World Press Cartoon saria (2012) eta NBEk emoten dauen Ranan Lurie saria (2016).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu