Barakaldoko Baffest 2022 jaialdiak baditu finalistak
2022-05-24 10:31 KultureaUrriaren 8ko Argazki Egunean aurkeztuko ditue euren lanak.
Zazpigarren edizinoa beteko dau 2022an emakume argazkilarien inguruko Baffest jaialdiak. Barakaldoko Udalak jakitera emon dauenez, epaimahaiak bederatzi finalistak aukeratu ditu, hau da, sari nagusia irabazteko hautagi izango diran artistak.
Lau euskal argazkilari dagoz finalisten artean: Georgina Rodriguez Ayala (Bilbon bizi dan mexikarra), Maria Hernandez Laplaza (Bilbon bizi dan tuterarra), Tania Barrenetxea (Barrikakoa) eta Irene Larrañaga (Donostiakoa). Beste bost finalistak honeek dira: Meritxel Ahicart (Castello), Ainhoa Valle (Bartzelona), Deebo Barreiro (Madril), Laura San Segundo (Madril) eta Raquel Bravo (Madril).
Valentzian, Madrilen eta Donostian egindako saioetan ezagutu dau epaimahaiak argazkilarien lana, 30 hautagai guztira. Susana Mar, Carmen Dalmau eta Itziar Bastarrika dabiz aurtengo edizinoan epaimahaikide. Hurrengo hitzordua urriaren 8an izango da, VII. Baffesten barruko Argazki Egunean. Egun horretan, bederatzi finalisten proposamenak ikusi eta irabazlea aukeratuko dabe.
Argazkilaririk onenaren saria irabazten dauenak, 500 euro poltsikoratzeaz gan, 2023ko Baffesten bakarkako erakusketea egiteko eskubidea izango dau. Euskal argazkilaririk onenari, ostera, Barakaldo Saria emongo deutse, hau da, 300 euro eta 2023ko edizinoko erakusketaren baten parte izatea. Irabazle nagusia euskal herritarra bada, Barakaldo Saria beste finalistetako bati emongo deutse, jatorria kontuan izan barik.
Baffesteko Argazki Egunean zaleentzako jarduera ugari egongo dira. Bederatzi finalistek euren lanak proiektauko ditue Clara Campoamor Kultur Etxean, eta bisitaldi gidatuak be egongo dira. Arratsaldean, Madrilgo Efti, Valentziako Revelarte eta Donostiako San Telmo argazki eskoletakoek aurkezpenak egingo ditue, Baffesten kolaboratzaile diran ezkero.
Carmen Dalmauren argazki-liburu barria aurkezteko be aprobetxauko dabe urriaren 8ko topaketea. Elena Gonzalez Torresek, ostera, erakusketea ipiniko dau Clara Campoamor zentroan bertan. Iluntzean zarratuko dabe eguneko egitaraua, Baffest Sariak emoteko ekitaldian. Hurrengo egunean, 9an, El Regaton Cris P. Lareok ipiniko dauen erakusketara bisita gidatua egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!