'Jentilak Diman' ibilbide mitologikoa indartsu dator aurten

Bizkaie! 2022-05-24 09:23   Kulturea

Maiatzaren 28an egingo da Diman.

Covid izurriteak eragindako urte biko parentesiaren ostean, indarbarrituta dator Jentilak Diman: Maiatzaren 28an egindako da Diman eta aurtengorako ibilbide mitologikoa atondu dabe Dimako plazan hasi eta Zaharren Egoitza aurreko landetan amaituko dana. Orain arte ibilbide mitologikoa Jentilzubi eta Baltzolako koba inguru zoragarrietan egin izan da, herriko leku mitologikoaren gunean. Baina aurten, kobetako egoerea kontuan hartuz, herrigunera aldatu dabe. Jentilzubi eta Baltzolako koben ingurua leku erakargarria bada be, atondutako ibilbideagaz jentea oso gustura geldituko dalakoan dagoz Txumuluxueta alkarteko kideak.

Ibilbideak 7 gune izango ditu eta gune bakotxean ikuskizun bat atondu dabe (antzezlana, abestia, jantzak...). Hurreratzen diranak ez dira kantsauko, izan be, luzeeran kilometro bat ingurukoa izango da; gainera, hasieratik amaieraraino lau-laua danez, edozein joateko modukoa izango da, edadeko zein ume txiki, danentzako egokia da eta inori ez jako gatx egingo ibilbide osoa egitea. Bidea lisua izateaz gan, zati handi bat asfaltauta dago eta gainerakoan bedarra dagoanez ez da inorentzat arriskurik egongo. Iraupenari jagokonez, ordu bi ingurukoa izango da: herriko plazatik urten eta iluntzeko 21:00ak aldera eta errepidez bideratuko da Zaharren Egoitzarantza. Egoitzearen aurrealdean atondu l. gunea. Ondoren Bengoetxeranzko bide erdialdean egongo da 2. gunea. Errekea gurutzatu eta Bengoetxera heltzean jarriko dabe 3.a. Handik Iberre auzunera lehenagoko burdibidetik etorriko da baina Iberrera heldu orduko atondu daben 5.
gunea baso sorgindua topauko dabe. Iberre auzune erdian herriko koruak abesti bat kantauko dau. Handik barriro errekea gurutzatu eta Zaharren Egoitza aurreko landara helduko dira barriro eta bertan izango da 7. eta azken gunea. Gune honetan antzezleku naturalean ikuskizun berezia izango da ibilbide mitologikoari amaierea emoteko. Egindako aurreikuspenak beteten badira ekitaldia gaueko 23:30ak aldera amaituko da.

Ibilbide mitologikorako aurten nazinoarteko izaki mitologiko batzuk be agertuko dira, euskal jeinuakaz batera beste herri batzuetakoak be ikusteko eta entzuteko aukera ederra izango dau Dimara hurreratzen danak. Aukera ona da gure mitologia ezagutzeaz gan, beste herri batzuetako pertsonaiak eta mitoak be ezagutzen joateko.

Orain artean legez, aurten be hitzarmen bat izenpetu dabe Dimako Udalagaz holako ekimenek izaten dituen alderdi guztiak modu eraginkorrean babesteko.

Ibilbide mitologikoaren ostean, leku berean, Akelarrea atondu dabe Txumuluxueta Alkartekoak. Bigarren akelarrea izango da hau, izan be, lehenengoa Indusi auzunean atondu eben 2019an, ibilbide mitologikoa egin zan azken urtean. Ekitaldira inguruko sorginak gonbidatu ditur gau magikoari behar moduko amaierea emoteko.

Txumuluxueta Alkarteak erretratu eta bideo-lehiaketa bat atondu dau ibilbide mitologikoan zehar ataratako erretratu eta bideo onenak saritzeko. Lehiaketa honetara 18 urte baino gitxiagokoak baino ez dira aurkeztuko.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu