'Miró Zabalagan', artea eta laguntasuna ospatzeko kantua

Bizkaie! 2022-05-24 08:27   Kulturea

Erakusketea maiatzaren 21etik zemendiaren 1era egongo da zabalik.

Erakusketearen ikuspegia: © Alex Abril | Ikusi handiago | Argazki originala

Chillida Lekuk Miró Zabalagan erakusketea aurkezten dau eta, Joan Miró bera ez eze, artista kataluniarrak Eduardo Chillidagaz izaniko laguntasuna be omentzen dau. Erakusketea Eguzki-txoria (1968) eta Emakumea (1970) formatu handiko eskulturakaz hasten da, museoaren zelaian baitagoz instalauta, aire zabalean. Ondoren, Zabalaga baserriko lehen pisuan da batez be, 1946 eta 1981 arteko lan multzo bategaz. Hautatutako lanen artean nabarmentzekoa da Josep Royok 1989 eta 1991 artean egindako tapiz bat, artista kataluniarraren Urrezko lumadun muskerra liburuko litografia bat oinarri hartuta.

Zoragarria da Mirógaz hemen egotea, aukera apartekoa baita Chillidaren etxean bisitea egitea; egonezina pizten dau, espero genduan bateren bati harrerea egiteak sortzen dauen lez, adierazo dau Estela Solana Chillida Lekuko erakusketen arduradunak. Miró Zabalagan osotzen daben piezek idea sinple baina fisiko bat transmitiduten dabe, hau da, Chillidaren obra handi bat Miróren obreagaz buztartzea.

Erakusketako eskultura, marrazki eta grabaduek artistearen ohiko gaiak azaltzen ditue, eta obra horreei esker, lehen aldiz sartzen da kolorea baserrian, eskultoreak bere obrea gordeteko zaharbarritutako eraikinean. Obrak lotuta dagoz alkarren artean: aretoka dagoz multzokatuta, beren-beregi konposizino bat osotzeko asmoagaz: Miróren corpusa Eduardo Chillidaren obrakaz batzea testuinguru aparta da artista bien arteko alkarrizketa aberasgarria sortzeko, aukera ederra biekana zenbait ikuspuntutatik hurreratzeko, azpimarratu dau Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak. Esangura horretan, azpimarratu dau artelanak alkarregaz lotuta egon arren ez dabela alkar ikututen, ez dabela idulki bera, baizik eta banaka aurkeztuta dagozala. Proposamen monografiko hori Chillidaren erakusketa iraunkorragaz batera egongo da ikusgai, modu paraleloan eta independentean. Bistan egongo dira artista bien arteko lotura eta konbergentziak.

Miró, atmosfera-sortzaile

Miróren irudimenezko personaiak adimen libre eta agorrezinaren emoitzea dira eta Zabalaga baserriko lehen pisuan dagoz ipinita. Areto bakotxean atonduta dagozan moduari esker, osorik obra bat balira lez gozau daitekez. Espazio bakotxean, atmosfera ezbardinak sortzen dituen objektuak dagoz, zelaia edo lorategia, museoaren kanpoaldeagaz be alkarrizketa zuzena izanik. Lehen aretoan be igartean da lorategiaren idea hori; bertan, Zenbait lore lagunentzat (1964) saila ikus daiteke, litografia bi dituan multzoa. Lehenengoa Pierre eta Patricia Matisseri eskainia da eta bigarrenak, barriz, Aimé Maeght omentzen dau, Chillida eta Miróren galerista izan zana. Areto horretan bertan, litografia bi ikusi daitekez, Mirariak bariazino akrostikoakaz Miróren lorategian, landare eta animalia-munduagaz zerikusia daben brontzezko zenbait eskulturaz inguraturik.

Eskultura horreek gehienak 1966tik aurrera eginak dira. Garai haretan indartu zan, hain zuzen, Miróren eskultura-produkzinoa eta batez be eguneroko bizitzan topautako objektuak mihiztatuta sortu zituan. Eskultura multzio horregaz batera, artista kataluniarrak 1973an egindako lau grabadu be aurkeztuko
dira, Mallorca saila izeneko akuaforteen hamar karpetako lehenengoak baitira.

Miró Zabalagan erakusketea osotzeko, obra grafikoa, litografia-sail batzuk eta Josep Royok 1989 eta 1991 artean Urrezko lumadun muskerra litografiatik ehundutako tapiz handi bat dago (liburu hori izan zan Mirók ilustrau eban lehenengoa eta poema bi idatzi zituan argitalpen haretarako). Joan Miró eta Eduardo Chillidaren obrearen edentzia zehazten daben bizi-esperientzien artean agiri dira, esaterako, beren sorlekuagazko pertenentzia-sentimendua, Parisen gaztaroan izaniko esperientzia, uri haretan bakotxak bere garaiko abangoardia artistikoen eragina bizi izana edo sorlekura bueltetako beharra, adierazo dau Solanak.

Holan, Miró Zabalagan erakusketeagaz zarratzen da alkarrizketa artistiko baten zirkulua, kontuan izanik Eduardo Chillidaren lanak erakusketa indibidual bi izan zituala Miró Fundazinoan 1986an eta 2003an. Azken hori izan zan eskultoreari hil ostean eginiko lehenengo atzera begirakoa (urtebete lehenago hil baitzan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu