Horma-irudia, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena gogoan

Bizkaie! 2022-05-23 12:33   Musikea

Pablo Astrain artisteak egin dau.

Agintariak eta Pablo Astrain artistea, horma-irudiaren aurrean (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko kulturgintzearen eragile garrantzitsuenetako bat da BOS, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta, hortaz, Udalak omenaldia egin nahi izan deutso ehun urte bete dituanean. Olabeagara doan aldatzean formatu handiko horma-irudia inaugurau dabe, erakunde ugaritako ordezkariak bertan dirala: Bizkaiko Foru Aldundiko Lorea Bilbao, Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarria eta BOSeko arduradunak.

Orkestrearen ehun urteko ibilbidean mugarri izan diran momentu, persona eta lekuak agertzen dira horma-irudian. Pablo Astrain pintore eta arte urbanoko aditua izan da diseinuaren egilea. Horma luzea danez, hainbat irudi eta ataletan banatu dabe obrea, hurrenkera honetan:

- Arriaga Antzokia: BOSen sorrerearen lekuko, lehenengo kontzertua be han izan zan.

- BOSeko musikarien lehenengo argazkiaren erreprodukzinoa, Armand Marsick zuzendari titularra buru, 1923koa.

- Ehun urteotan orkestreak izan dituan beste zuzendari titularren erretratuak: Vladimir Golschmann, Jesús Arambarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena, Günter Neuhold eta Erik Nielsen.

- Euskalduna Jauregia, 1999tik BOSen agertoki nagusia.

- Orkestrearen gaur egungo irudia.

- Maurice Ravel konpositorea, haren obrea BOSen oinarrietako bat dalako. Emonaldi berezi batean, 1928an, BOS zuzendu eban Ravelek berak.

Bilboko Orkestrearen historia modu bisualean erakusten dau, beraz, horma-irudi luzeak. Historia oparo hori herritarrei hurreratzea da proiektuaren helburua. Horregaitik ipini dabe joan-etorri handiko leku batean, Jesusen Bihotzaren plazearen eta Euskalduna Jauregiaren ingurutik Olabeagara bajatzen dan pasealekuan.

BOSen urteurrena gogoratzeko ekintzen artean, horma-irudia ez da bakarra. Herririk herri dabil erakusketa ibiltaria eta laster komikia be plazaratuko dabe. Bizkai osoko liburutegi eta ikastetxeetan irakurri ahal izango da BOSen historia batzen dauen komiki hori, baita orkestrearen webgunean be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu