Orain Bi eta Truca Circus, Leioako Umore Azokako saridunak
2022-05-23 07:58 KultureaEdizinorik onenetako bat izan da aurtengoa, jaialdiko arduradunen esanetan.
Amaitu da 2022ko Leioako Umore Azokea. Antolatzaileen arabera, edizinorik onenetako bat izan da aurtengoa, eguraldi onak Leioako kaleak eta plazak beteten lagundu dau, aire zabaleko ikuskizunez gozatuz. Konpainiek be kalidade handiko ikuskizunak eroan ditue Leioako kale eta plazetara.
Goi mailako hautagai ugari egon diran arren, epaimahaiak irabazle nagusi biak aukeratu behar izan ditu: Euskal Ikuskizun Onenaren Umore Azoka 2022 Saria Orain Bi konpainiarentzat izan da, eta Nazinoarteko Onenaren Saria, barriz, Truca Circus andaluziarrek irabazi dabe, Sopla! antzezlanagaitik. Ganera, epaimahaiak aitamen berezia egin deutso Maitane Sarralderen Desªanuda jantza garaikideko ikuskizunari, sormena, ikerketea eta berrikuntzea buztartu ditualako.
Amagoia Garaizabal, María Capell Pera, Carlos Morán, Fernando Marín, María Sánchez eta Luis Lozano izan dira 2022ko edizinoko epaimahaikideak.
Euskal ikuskizunik onenaren garaikurra eroan dauen Orain Bi konpainiak Bilbon dau egoitzea eta zirkua eta antzerkia lantzen ditu. Rodrigo Lacasa Montes (Toli) eta Sara Alvarez Iglesias (Sarini) dira kideak. Epaimahaiaren ustez, Leioan aurkeztu daben Mute proposamen originala, atsegina eta zaindua da, eta jentea atrapetan dau emozinoetan dauen garbitasunagaitik, sinpletasunagaitik eta historiaren garapenean egiten dauen lanketeagaitik.
Truca Circusek, ostera, hogei urteko ibilbidea egin dau zirku garaikidean, eta LaNördika eta Hmnos Infoncundiblesegaz batera produzidu dau Sopla!. Epaimahaiak esan dauenez, zirkuko hainbat diziplinatan nagusi diran hiru konpainion arteko topaketea zorionekoa izan da, erritmoz beteriko aurkezpena, guztiz koreografiadua, estetika sortzaile eta argitsuduna sortu dabelako.
Ikusle ugari
Leioako Udalak 2022ko Umore Azokearen balantzea egin dau. Eguraldi ona lagun izan danez, jentea gustura ibili da herriko areto, kale eta plazetan, danetara 27.000 ikusle inguru kontau ditue. Azken urte biotako gorabeheren ondoren Umore Azokaz gozetako gogoa egoala erakusten dau, Udalaren arabera.
Publikoaren ezaugarriei jagokenez, antolatzaileek ikusi dabe edade guztietako jentea joan dala emonaldietara, gazteak, familiak, helduak zein zaharrak. Aukeran izan ditue 90 ikuskizun Leioako 18 gunetan.
Bestetik, kaleko arteen profesionalen topaleku izan da Umore Azokea. Udalaren esanetan, bertoko zein kanpoko programatzaile, artista eta eragileak batu dira, eta alkarren arteko akordio bat baino gehiago be itxi ditue.
Argazkiak: Leioako Umore Azoka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!