Ikerbasqueren autortzea Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabali

Bizkaie! 2022-05-20 12:50   Pil-pilean

Emakume ikertzaileen lana gizarteratzeko emoten dira sariok.

Ikerbasquek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hiru emakume zientzialari sarituko ditu aurten, bakotxa kategoria batean: Advanced atalean, Jasone Cenoz; Consolidator dalakoan, Amanda Sierra; eta Starting kategorian, Marta Olazabal. Ikerbasqueko Ebaluazino Batzordeak aho batez hartu dau ebatzia.

Urtero egiten dan autorpen honen helburua garbia da: euskal emakume zientzialariek egiten daben lanari errekonozimendua egin eta gizartean euren balioa zabaltzea. Ikertzaile gazteen inspirazino izan daitezala be bada asmoa. Hortaz, autorpena da, ohiko saria baino gehiago.

Ebaluazino Batzordeko kideek azaldu dabenez, aurten sekula baino hautagai gehiagoren artean aukeratu behar izan dabe, emakumeek egindako zientziak dauen potentzialaren erakusgarri. Autortzea nori egin erabagiteko orduan, hautagai bakotxaren merituak aztertzeaz gan, hiru sarituen ezaugarrien arteko orekea bilatu dabe, jakintza-arloari zein edadeari jagokonez.

Jokin Bildarraz Hezkuntza sailburuak jakin eragin deutse hiru irabazleei epaimahaiaren ebatzia. Udagoienean egingo dabe sariok emoteko ekitaldi publikoa.

Honeexek dira hiru zientzialarien ibilbideak:

- Advanced-Jasone Cenoz

EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen katedraduna da, eta bigarren eta hirugarren hizkuntza lez ingelesa ikastearen inguruan egin eban doktoretzea. Izan be, hezkuntza elebiduna, paisaje linguistikoa eta hizkuntzak ikasteko prozesuak jorratzen ditu gehienbat.

Epaimahaiak modu berezian nabarmendu dau Cenozek hezkuntza arloan dauen ibilbide oparoa, lider izateko gaitasuna eta nazinoartean erreferentziazko ikertzailea izatea. Zientziagaz dauen konpromisoa eta sare zientifikoan dauen parte-hartzea be aitatu ditu.

- Consolidator-Amanda Sierra

Neurozientziak ikertzen dituan Achucarro zentroan dabil, alor horretan doktore da eta. Garuna birsortzeko mekanismoak jorratzen ditu gaixotasun neurodegeneratiboen alorrean eta aurrerapenak egin ditu garunak zelula hilak bizkor garbitzeko erabilten dituan prozesuak ulertzeko orduan.

Epaimahaiaren ustez, bere alorrean liderra da Sierra, eta kalidade eta nazinoarteko eragin handiko produkzino zientifikoa da berea. Era berean, gizartean zientzia zabaltzeko konpromiso sendoa dau, bai eta zientzian emakumeen bardintasuna lortzekoa be.

- Starting-Marta Olazabal

Lurraren Ekonomian doktore eta BC3 zentroan aldaketa klimatikora egokitzeko taldearen gidaria da. Aldaketa klimatikora egokitzapena eta uri-erresilientzia dira bere alor nagusiak eta Europako ERC Starting Grant beka ezaguna emon deutse.

Bere alorrean aitzindari dala azpimarratu dau epaimahaiak, ikerketearen alderdi barritzaileak jorratzeari ekin deutsalako. Olazabal gazte-gaztetatik nabarmendu da ikerkuntzan, Ebaluazino Batzordearen esanetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu