Programazino zabala 2022ko Encartada Modan
2022-05-20 09:47 KultureaMaiatzaren 27tik 29ra egingo dabe, Balmasedan.
Balmasedako La Encartada fabrika-museoko XIX. mendeko makina zaharren artean ibiliko dira modeloak puntako diseinatzaileen erropea erakusten, Encartada Moda ekimenaren 2022ko edizinoan, maiatzaren 27tik 29ra. Baina desfileak baino gehiago da Encartada Moda, moda jasangarriaren eta bertoko diseinatzaileen topagune izateko asmoz datorrelako, jardueraz beteta.
Aurtengo edizinoaren aurkezpenean izan dira, Balmasedan, Bizkaiko Foru Aldundiko Begoña de Ibarra, Basque Bio Design Center-eko Adele Orcajada, La Encartada fabrika-museoko Ainara Martinez eta egitarauaren arduradun eta koordinatzaile dan Alberto Sinpatron euskal diseinatzailea.
Modearen zaleentzako hitzordua da Encartada Moda, baita industria ondarea gustuko dabenentzako zitea be, azaldu dau Begoña de Ibarrak. La Encartada fabrika-museoa beste modu batean biziteko aukerea da. Izan be, jarduera guztiak fabrika-museoaren barruan egingo dira, mende bat baino gehiago dauen ondare industrialak inguratuta.
Aurtengo ardatza moda jasangarria danez, bioplastikoak, bioehunak eta teknologiadun modea jorratuko daben tailerrak egongo dira, baita ehun-zuntzentzako estanpazino botanikoari eta ehun-serigrafiari buruzkoak be, 8 eta 14 urte bitarteko umeentzat. Etorkizuneko materialen erakusketea eta diseinuan organismo biziakaz lan egiten dauen Kombuchako Mahaia esperientziaren aurkezpena be hartuko ditu Encarterri Modak.
Bestetik, El Futuro de la Moda: nuevos materiales y nuevos procesos mahai-inguruan hartuko dabe parte Airí Ferrer, Anastasia De Lellis eta Raquel Buje adituek. Modearen munduko erreferente dan Antonio Alvaradok, 2021eko Moda Diseinuko Espainiako Sari Nazionalaren irabazleak, berbaldia emongo dau. Ganera, asteburu osoan ikus-entzunezkoak proiektauko ditue, The Eko Lab-en eskutik.
Moda desfileak ia eten bakoak izango dira La Encartada fabrika-museoko pasarelan. Aurten euren diseinuak erakutsiko ditue Pam Hogg, Aitor Goikoetxea, Eduardo Navarrete, Eñaut, Reveligion, Ainhoa Fustel, Ganboa, Giuliano Weisz, Gu·Da Eyewear eta beste sortzaile ugarik.
Egitarau osoa ikusi hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!