Ogiaren Astea egingo dabe Bilboko Irala eta Ametzolan hilaren 23tik 29ra

Bizkaie! 2022-05-20 08:43   Kulturea

Bizikidetzea bultzatzea izango da helburua.

Bilboko Udalak eta Gazteleku Garapen Komunitarioko Alkarteak Ogiaren Astea dalakoa egingo dabe maiatzaren 23tik 29ra, Irala eta Ametzola auzoetan. Bertako bizilagunen arteko alkarbizitzea eta kohesino soziala sustatzea helburu, jarduera ugari antolatuko ditue.

Auzo biotan lanean dabizan 30 kolektibo inguruk lagunduko dabe Ogiaren Astean, gizarte eta kultura sarea ezagutarazoteko eta komunidadearen barruko hartu-emonak indartzeko asmoz. Aurkeztu diran proposamenek auzotar guztien inplikazinoa dabe helburu, belaunaldien arteko loturea sendotu eta komunidade batuak dauen ahalmena erakusteko.

2015etik Iralan eta Ametzolan egiten izan dan Ogiaren Egunaren ondorengoa da datorren asteko egitaraua. 2020ko edizinoa bertan behera geratu zan pandemiagaitik eta, 2021ean, auzoetako eragileek erabagi eben komunidadea indartzera bideratutako jarduerak aste osora zabaltzea. Holan jaio zan Ogiaren Astea.

Kultureagaz eta bizikidetzeagaz lotutako jarduerak sartu ditue 2022ko Ogiaren Astean. Esate baterako, ekimenaren izena gogoan hartuta, munduko ogiak zelan egiten diran ikasteko tailerrak egongo dira, sukaldari profesionalek gidatuta. Osasungintzea be kontuan izango dabe, berbaldien ziklo zabal bati esker. Edadekoak zelan jagon, botika asko behar dituenei zelako erretea emon... Danetarikoak jorratuko ditue.

Bestetik, 2019an sortutako Auzoko Istorioak izeneko jarduerea berreskuratuko dabe, pandemiak eragindako etenaren ostean. Auzoko personen artean nekez jazoko litzatekezen topaketak sortzea da helburua, Iralan eta Ametzolan bizi diranak alkarregana hurreratzeko, batzen dituanaren bitartez. Horren barruan, argazki-erakusketea zabalduko dabe, astelehenean, hilaren 23an, eta dokumentala be egin dabe.

Aste osoko egitarauari izena emoten deutsan Ogiaren Jaia, ostera, zapatuan, maiatzak 28, egingo dabe. Auzoetako alkarteen azokea, ondo pasetako jarduerak eta ogi lehiaketea egongo dira, besteak beste.

Honeek dira 2022ko Ogiaren Astean lagundu daben kolektiboak:

Torre Urizar auzo alkartea, Iralabarri auzo alkartea, Amiarte, Felix Serrano eta Gallego Gorria ikastetxeetako gurasoen alkarteak, Berdinak, Iralabarriko San Antonio abesbatzea, Auskalo, Avifes, BIGITE, Cáritas Bizkaia, Bizi-Bete, Urizartorre egoitzea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Irala, Txiribuelta Konparsea, Brave Fighters Fundazinoa, Argia Fundazinoa, HIESaren kontrako T4 Alkartea, Urretxindorra Ikastolea, Abadá Capoeira, Aitana tabernea, Estenega tabernea eta Bidebieta tabernea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu