Paskual Rekalde euskaltzain osoak Amaiurko toponimia aztertuko dau
2022-05-19 13:49 KultureaZapatuan, maiatzaren 21ean izango da ekitaldia.
2020an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra. Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Zapatuan, maiatzaren 21ean izango da ekitaldia, Amaiurko herriko plazan. Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egingo dau 10:00etan, Elizondon eta 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala, Amaiurren: Mikel Altzuart Dutari bertsolari baztandarrak pare bat bertso botako ditu; segian, Amaiurren Kantuz abesbatzak Lauaxeta olerkariaren Amayur gaztelu baltza abesti ezaguna kantauko dau; ondoren, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiur herriko alkateak ondoetorria egingo deutse bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz batera.
Ondoren, Paskual Rekaldek sarrera-berbaldia irakurriko dau eta hiru gai nagusi jorratuko ditu: euskera batua eta berbetak; Baztango berben ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko leku-izenak, etxe-izenak, persona-izenak... (ezagun zein ezezagun). Miriam Urkia euskaltzain osoak erantzungo deutso eta gero euskaltzain barriak zin egin beharko deutsi bere karguari, euskaltzain izateari jagokozan eginkizunak zintzo eta leial beteko dituala esanez.
Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Rekaldek euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren akabailan jantza-saioa egingo dabe Amaiurko eskolako umeek eta ekitaldira hurreratutakoek zintzurra bustiteko aukerea izango dabe.
Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu alkartean bazkalduko dabe. Bazkalondoan herriko arkeologia museoa bisitetako aukerea egongo da eta, eguraldiak laguntzen badau, baita Amaiurko gazteluaren hondakinak ikustekoa be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!