Tragedia gainditzeko asmoa dau Euskadiko Orkestreak 2022-23 denporaldian

Bizkaie! 2022-05-19 13:09   Musikea

Pandemiagaitik bertan behera geratutako proiektu batzuk berreskuratuko ditue.

Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, Donostian (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian aurkeztu dabe Euskadiko Orkestrearen 2022-23 denporaldia Robert Treviño zuzendari titularrak, Oriol Roch zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak. Tragedia gainditzea izango da denporaldi barriko egitarauko zatiak josiko dituan haria, pandemia atzean itxi eta baikortasunari heldu nahi deutsalako orkestreak, programazino askotariko eta aberatsari esker.

Musikan, beste sorkuntzetan lez, Historiaren aurrerabidea eta tragediak inspirazinorako iturri parebakoa dira, baina momentu txarrak gainditzeko gogoaren espilua be bada artea. Denporaldi barriko kontzertuen ardatza izango da gainditzeko gogo hori, ezbeharrean norbere burua hobetzeko asmoa.

Horren erakusgarri, konpositore handien piezak joko ditu Euskadiko Orkestreak: Xostakovitxen gordintasun batzuetan izkutatua (8. Sinfonia); Txaikovskiren mamuak (4. Sinfonia); Brucknerren sinfoniarik handiena (8. Sinfonia); eta Carl Orffen lanik ospetsuena (Carmina Burana). Azken hori Donostiako Orfeoiagaz batera interpretauko dau Euskadiko Orkestreak, haren 125. urteurrenagaitik.

Abonu denporaldia irailaren 23an hasiko da, Gasteizen, eta 2023ko bagilaren 9an amaitu, Donostian. Egitarauaren arabera, 50 kontzertu izango dira, hamar programatan banatuta. Gasteizen, Bilbon eta Iruñean hamarna saio egingo ditue, eta Donostian hogei (programa bakotxa bi bidar).

Dmitri Xostakovich aukeratu dabe denporaldiari ekiteko zein berau amaitzeko. Irailaren 23ko lehenengo saioan, aitatutako 8. sinfonia-z gozau ahal izango dau publikoak. 1943an idatzi eban konpositore errusiarrak lan hori, II. Mundu Gerrako hildakoek hunkituta. Denporaldiko azken programan, ostera, 1971ko 15. sinfonia izango da protagonista.

Abonu denporaldiko hamar programetatik lautan, Robert Treviño zuzendari titularra izango da kontzertuen gidaria. Euskadiko Orkestreagaz eukan bost urteko kontratua igaz amaitu eban Treviñok, baina publikoaren zein arduradunen gustukoa izan da, antza, haren lana, eta kontratua luzatu deutse. Hortaz, seigarren denporaldia dau 2022-23koa.

Estreinaldiak eta lankidetzak

Bestelako proiektu asko be badakarz Euskadiko Orkestrearen denporaldi barriak, abonuko egitarauaz gan. Pandemiagaitik bertan behera itxitako egitasmoak berreskuratzen ahaleginduko dira, esate baterako, Gary Carpenterren Mamu kantak kontzertuaren estreinaldia.

Ramon Lazkanogaz alkarlanean sortutako Mare marginis be 2022-23an aurkeztuko dabe eta, bestetik, Elkano: Mundubira musika bidelagun egitasmoaren azken urtea izango da. Zuriñe F. Gerenabarrenaren Lorratz izango da Getariako itsasgizon ezagunaren inguruko zikloaren azken obrea.

Ganera, errepertorioa zabaltzen segiduko dau Euskadiko Orkestreak. Orain arte jo bako hamar obrari helduko deutse 2022-23 denporaldian, adibidez, John Adamsen Doctor Atomic Symphony eta Alexander Vepriken 2 poèmes.

Denporaldi barrian Euskadiko Orkestreagaz agertuko diran bakarlariak honeek izango dira: Alexandre Tharaud (pianoa), Anne Gastinel (biolontxeloa), Alexei Volodin, Yulianna Avdeeva (pianoa), Alena Baeva eta Frank Peter Zimmermann (biolina); ahotsei jagokenez, Jone Martinez, Carlos Mena eta Javier Franco.

Jarduerarik handiena Euskal Herrian izango dauen arren, Poloniara bira bat egitea be aurreikusita dauka Euskadiko Orkestreak. Era berean, beste eragile kultural batzuen programazinoetan lagunduko dau, esate baterako, ABAOren opera denporaldian, Donostiako Musika Hamabostaldian, Zinemaldiaren soinu-banden kontzertuan eta Bilboko Musika-Música jaialdian.

Azkenik, Euskadiko Orkestreak diskoak argitaratzen dituala be ezin da ahaztu. Denporaldi barrian, asmoa da Maurice Ravelen orkestrarako lanen grabazinoen bigarren diskoa plazaratzea.

Abonuak erosteko epea bagilaren 15ean zabalduko dabe, behin igazko abonodunek txartela barritzeko tartea amaitu eta gero. Kontzertuetako sarrera solteak, ostera, irailaren 1etik eskuratu ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu