Bilbok bat egin dau Kultur Aniztasunaren Munduko Egunagaz

Bizkaie! 2022-05-19 08:47   Pil-pilean

Eragile ugarik hartuko dabe parte maiatzaren 21eko ekitaldietan.

Kanpaina instituzional zabala eta uriko hainbat auzotara helduko diran jarduerak izango dira Kultur Aniztasunaren Munduko Egunaren ardatzak Bilbon, maiatzaren 21ean. Uriburuan batzen diran jatorri ugaritako personek eta kulturek dakarren aberastasuna azpimarratzea helburu, urte osoan egiten dan lanaren erakusgarri izango dira, beraz, zapatuko ekitaldiak.

Bilboko Udalak bultzatutako kanpaina grafikoa Kike Infame artisteak sortu dau. Uriko zubiak erabili ditu aniztasunaren aldeko mezua zabaltzeko, metafora ederra diralako: Bilboko dibersidade kulturalean zehar ibilteko eta berau ezagutzeko gonbidapena da. Kalean bertan ikusi geinke Infameren lana, markesina, horma eta abarretan; baita sare sozialetan eta Udalaren webgunean be.

Kike Infameren sormenaren bidez zabaldutako mezua uritar guztiek kontuan hartzeko modukoa dala uste dau Itziar Urtasun zinegotziak: Duda barik, egin beharreko bidaia da, Bilbo kide dan Kultura arteko Uriak Sareak dino hori. Ganera, maiatzaren 21eko kanpainearen leloa barruan dakar.

Bestetik, Udalak berak eta Unesco Etxeak egitarau zabala atondu dabe maiatzaren 21erako, hiru gidalerro nagusi gogoan: komuniketea, gogoetea egitea eta ospatzea. 12:00etatik 13:00etara, aniztasun kulturalari eta gizarte-kohesinoari buruzko mahai-ingurua egongo da BBK Kunan. Helburua izango da konturatzea ze garrantzitsua dan kultura-aniztasuna eta bere adierazpideak babestu eta sustatzea, gizarte-kohesinoa sortzeko.

Topaketa horretan hartuko dabe parte bost adituk, bakotxak bere ikuspuntua emoteko. Honeek dira: Emilia Larrondo (soziologo eta DJ mexikarra), Miguel Ángel Puentes (artista plastikoa eta Radio Candelako esatari kolonbiarra), Cruz Noguera (dramaturgo eta antzezle venezuelarra), Nilda Diarte Aguilera (idazle eta antzerkigile argentinarra), eta Betto Snay (hip-hop musikari, kultura-dinamizatzaile eta moda-diseinatzaile angolarra).

Horrezaz gan, kontzertuak, umeentzako jarduerak eta erakusketak hartuko ditu BBK Kunak maiatzaren 21ean. Eguna biribiltzeko, eraikinaren kanpoaldean, jaialdi edegia egongo da.

Kultur Aniztasunaren Munduko Egunagaz bat egin dabe Bilboko alkarte eta kolektibo gehiagok be. Udalak babestu egin ditu eragileok atondutako jarduerak eta kanpainak, esate baterako, Zazpi Kaleetako Yohn Jauregian egunotan ikugai dagoan Hemengo emakumeak argazki erakusketea, Zabalketa GGKEak dakarrena.

Diversitours bisita gidatuen beste edizino bat be egingo da egunotan, hain zuzen be, hilaren 22an eta 28an, Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharraren errealidadea erakusteko asmoz. Maiatzaren 25ean, ostera, Afrika Eguna ospatuko dabe eta horregaz lotutako saioak egingo dira Zorrotzaurren datorren astean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu