Arte eta kultura garaikideko praktika eta teoriari buruzko lehen masterra emongo dau Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2022-05-19 08:16   Kulturea

UPV/EHUgaz lankidetzan.

Fernando PĂ©rez, Azkuna Zentroko zuzendaria eta Arantxa Lauzirika, UPV/EHU-ko Arte Eder Fakultadeko Dekanoa | Ikusi handiago | Argazki originala



Lehen edizinoa 2022ko urrian hasiko da eta kultura eta arte arloko profesionalei, sortzaileei, ikertzaileei eta ikasleei zuzenduta dago.

Azkuna Zentroak lankidetza egitasmo hau bultzatzen dau unibersidadeko esparru akademikoagaz batera, 2019-2023 Proiektu Programan ezarritako estrategiaren parte lez, Zentroa kultura garaikiderako sarrera-plataforma bihurtzeko. UPV/EHUk Arte eta Kultura Garaikideko Praktika eta Teoriako Berezko Masterra akreditau dau eta Euskal Unibersidade Sistemaren Kalidade Agentziak (Unibasq) egiaztatu eta ziurtatu dau. Izena emoteko epea datorren astelehenean, maiatzaren 23an, edegiko da hemen

Kultura Garaikideko Zentro baten kudeaketearen benetako testuinguruan sartzeko esperientzia eskaintzen dau programeak, esparru artistiko eta kulturaleko berrogei profesional baino gehiagoren esperientziaren eta ezagutzearen bitartez. Esangura horretan, proiektu artistiko bati osorik heltzeko gaitasuna emoten dau: administrazino eta finantza-kudeaketea, produkzino teknikoa, marketin eta komunikazino-planak edo kultura-erakunde publiko eta pribatuakaz lankidetza-sareen aktibanzinoa barrubatuz.

Programea UPV/EHUgaz lankidetzan egingo da eta kultura-produkzinoaren errealidade barria ikuspegi aplikatu eta barritzailea ardatz hartuta ulertzeko behar dan prestakuntzea emongo dau, izan be, teoriaren eta profesionalizazinoaren arteko alkargunea eskaintzen dau, zorroztasun akademikoaren Alondigea lako Kultura Zentro bateko eguneroko praktikearen artekoa, hain zuzen be.

Ikastaro barri hau egungo produkzino artistikoari lotutako sorkuntza, pentsamendua, ezagutzea eta profesionalizazinoa errazteko topagunea izango da. Testuinguru horretan, prestakuntzea errealidade-arlo batean oinarrituta eregiten da eta erabaki kontzeptual edo teorikoenak programazino ukigarri bihurtzen dira Azkuna Zentroa lako gizarte eta kultura garaikideko zentro batean.

Berezko master hau jakintzearen alkartrukerako gune be izango da, Azkuna Zentroko 40 bat artista eta Azkuna Zentroko ezinbesteko kolaboratzaileak, euren jakintza praktika artistiko, ikerlari eta kuratorialetik transmitiduten dabenak. Kurso akademikoa zortzi mintegiren inguruan atonduko da eta ondoko gaiak jorratuko dira: testua eta berbea, artearen, kulturearen eta eskubideen euskarriak, publiko barrien sorrerea, praktika kuratorialak, artxiboaren kudeaketea edo garrantzia eta profesionalizazinoagaz, eztabaideagaz, sarearen ezagutzeagaz eta lan kolektiboagaz zerikusia daben zeharkako lau arlo, eta master amaierako lana barrubatzen dauen bloke bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu