Loraldia Eskolako proiektu hezitzailearen emoitzea Gernikan, Igorren eta Mungian
2022-05-18 13:46 KultureaErakusketak, pastoralak eta musikea dagoz egitarauan.
Hezkuntza arautuan kulturea eta sormen artistikoa lantzeko asmoz antolatu dabe Loraldia Eskola egitasmoa, proposamenak eta egitaraua eskola bakotxaren beharretara egokituta. Ikasturtean jorratutakoa erakusteko momentua heldu danez, sei ekintza artistiko egingo ditue Gernika, Mungia eta Igorreko gazteek. Zornotzan be martxan egon da proiektu hezitzaile hau, baina oraingoz beste hiru herrietan eskainiko ditue ikuskizunak.
Loraldia Festibaleko arduradunek azaldu dabenez, Umeen Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko egitasmo honek helburu zehatzak ditu: euskal kultura garaikidea ezagutarazotea; kulturearen aldeko atxikimendua handitzea; euskerearen erabilerea bultzatzea; sormena suspertzea; eta balioak lantzea.
Helburu horreek beteteko, adierazpide kultural ugari lantzen ditue ikasturtean zehar interesa daben ikastetxeetako gazteakaz. 2021-22ko ikasturteko emoitzak maiatzean eta bagilean aurkeztuko ditue. Hain zuzen be, erakusketak, pastoralak eta musikea dagoz egitarauan.
Gernika
Ttipia proiektuan parte hartu daben 130 ikasleen lanak ikusi ahal izango dira maiatzaren 23tik 30era, Kultur Etxean ipiniko daben erakusketan. Bagilean Astran egongo da. Lehen Hezkuntzako 5. mailara artekoak ibili dira, Seber Altube eta Allende Salazar ikastetxeetakoak.
Lau disziplina artistiko ezagutu ditue Gernikako gazteek Ttipia egitasmoan: pinturea, eskulturea, marrazketea eta argazkigintzea.
Igorre
Kasu honetan, Lore-jokoak proiektuan ibili dira ikasturte osoan Lehen Hezkuntzako 60 neska-mutil, Inazio Zubizarreta Herri Eskolakoak. Pastoral gaurkotu bat atontzea izan da helburu nagusia, eta sormenaren inguruko erabagi guztiak ikasleen esku egon dira. Emoitzea Emakumeak lehen lerroan pastorala da, eta bagilaren 3an aurkeztuko dabe jentaurrean, Lasarte aretoan.
Mungia
Bentades ikastetxekoak ibili dira aurten, hiru proiektu hezitzailetan: DBHko 1. eta 2. mailakoek Lore-jokoak programan hartu dabe parte; DBHko 3. eta 4. mailetatik euskal kantagintzearen transmisinoan; eta Umeen Hezkuntzakoek, Ttipian.
Maiatzaren 24an erakutsiko ditue, Olalde Aretoan, DBHko ikasleek egindako pastoral biak, Mungiako bonbardaketa eta Lauaxeta. Nagusiagoen Haizearen jabe ikuskizuna be emongo dabe egun horretan. Azkenik, Ttipia proiektukoen erakusketea hilaren 20tik 27ra ipiniko dabe Olalden bertan.
Hurrengo ikasturtea
Loraldia Eskoleak prest dauka 2022-23 ikasturterako eskaintzea. Aurtengo moduan, bost hezkuntza proiektu izango ditue ikastetxeek aukeran: Ttipia (Umeen Hezkuntzea), Lorekolore (Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloa), Lore-jokoak (Lehen Hezkuntzako azken ikasturteak), Kamara, sartu! (DBHko 3. eta 4. mailak) eta 7 kantu, 7 lur, 7 konexio (DBHko 3. eta 4. mailak).
Interesa daben zentroek izena emon leikie hurrengo ikasturteko programetan, maiatzaren 25era arte, Loraldiaren wegbunearen bidez. Era guztietako ikastetxeek hartu leikie parte, baldintza bakarra jarduerak euskeraz egitea da.
Loraldia Eskola 2016-17 ikasturtetik dago martxan eta urterik urte sendotzen doa. Orain arte, 20 ikastetxetako 1.250 ikasle inguru ibili dira proiektu hezitzaile horretan, eta hamar ikuskizun eta zortzi erakusketa izan da emoitzea. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa dau, eta, aurten, Gernika-Lumo, Igorre eta Mungiako udalak be babesle izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!