Musikasteren 50. edizinoa, maiatzaren 19tik 28ra

Bizkaie! 2022-05-18 12:15   Musikea

Euskal musikako obra garrantzitsuenez betetako egitaraua dakar. 

Musikaste eguen honetan hasi eta hilaren 28an amaituko da. Jardunaldiotan hamar kontzertu izango dira.

Musikastek 50 edizino beteko ditu maiatzean. Eresbil Fundazinoak – Musikearen Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak bizirik eutsen deutse jaialdiari eta hasierako helburuak dira gaur egun be, musikearen ikerketea sustatzea, sortzaileei eta interpreteei laguntzea eta euren obrak jakitera emotea, oraintsu jaialdiari lotutako jantzea ahaztu barik.

Jaialdiaren urrezko ezteiak dirala eta, euskal musika testuinguruko obra garrantzitsuenak eskainiko ditue. Ospakizun hau atontzaileentzat mugarria izan da, eta errepertorioa aukeratzeko orduan lanen kalidadea eta interpreteak mimau ditue.

Musikastek ganbera musikari eskainitako kontzertua aurkeztuko dau inaugurazino egunean. Fanlo & Barandiaran bikoteak, egile ezagunen lanak aurkeztuko deuskuez, besteak beste, José María Franco Bordons, Antón Larrauri eta Beltrán Pagolarenak.

Hurrengo eguna, Lied-ari eskainitako jardunaldia izango da. Miren Urbietak eta Rubén Fernándezek, gure musika-ondareko konpositore esanguratsuenen obrez osotutako egitarau anitza eskainiko dabe, besteak beste, Jesús Guridi, Andrés Isasi, Antón García Abril, Félix Lavilla eta Pablo Sorozabal.

Jantzeak Erritu izeneko obreagaz hartuko dau lekukoa, hau da, Kukai Dantza konpainiaren eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren arteko topaketeagaz. Erritu taldean zein kolektiboan, natureagaz eta komunidadeagaz lotuta, bizitzako etapak zeharkatuz egiten dan bizi-bidaia da.

Leioako San Juan Bautista Abesbatzak, musika erlijiosoari eskainitako egunean, Jon Saenz-en The lamentations of Jeremiah obra estreinauko dau, Ensemble Concorde hari-taldearen laguntzeagaz eta Xabier Sarasolaren De profundis clamavi obrea interpretauko dau.

Egunak aurrera jarraituko dau Txistu eta Banda taldeen kontzertuakaz eta Isidro Ansorena, Tomás Aragüés, Roque Ansola, Joxe Mari Oiartzabal eta Joaquín Gaztanbideren lanak interpretauko ditue.

Iñaki Salvador Triok jazz-a ekarriko dau Musikastera. Mikel Laboaren unibersoa birsortuko dabe sorkuntza propioakaz batera.

Musika garaikideari eskainitako jardunaldiak euskal konposizinoaren eszenan izen ezagunak batuko ditu. Aurretik, Félix Ibarrondori eskainitako Kaierak koadernoa aurkeztuko da, ibilbide luze bati omenaldia. Ensemble Kuraiak, Andrea Cazzanigaren zuzendaritzapean, errepertorio zehatza jorratuko dau.

Abesbatzen egunean, ibilbide luzeko musikagileen lana gogora ekarriko da barriro, baita Espainian eta nazinoartean erantzun bikaina izaten dabilen musikagile belaunaldi barriaren lana be. Etxarri Aranazko abesbatza, urrezko ezteiak ospatzen dituana, Suhar abesbatza, Landarbaso eta KUP taldea izango dira Lekuona Fabrikan kontzertua emongo daben taldeak.

Amaitzeko, aurtengo edizinoak egun sinfoniko-korala berreskuratuko dau, berrogeita hamargarren urteurrenari amaiera bikaina emoteko. Euskadiko Orkestreak, Jaume Santonja eta Andra Mari Abesbatzaren zuzendaritzapean, gure musika panoramako autore esanguratsuenei eskainitako egitarau zabala interpretauko dau. Nabarmentzekoa da Saskia Venegas konpositorearen At the Aegean shores obrearen estreinaldia, giza jokabide soziopolitikoaren eta immigrazinoaren eskubideen aldeko burrukearen aurrean dauen interesaren isla.

Programazinoaren aurkezpenean, Errenterian, Eresbil Fundazinoaren egoitzan izan dira Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea; María José Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Auzendari Nagusia; Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkatea; Arantxa Arzamendi, Andra Mari Abesbatzako Lehendakaria; eta Pello Leiñena, Eresbil Fundazinoko zuzendaria.

Musikaste Euskal Musikearen Asteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren babesa dau. Era berean, Kutxa Fundazinoaren eta Laboral Kutxaren babesa dau eta Herri Arte Ekolea, Musikene, Musikagileak, Musika Bulegoa eta Super Amara-ren laguntzea.

Programazinoaren aurkezpenean, Errenterian, Eresbil Fundazinoaren egoitzan izan dira Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea; María José Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Auzendari Nagusia; Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkatea; Arantxa Arzamendi, Andra Mari Abesbatzako Lehendakaria; eta Pello Leiñena, Eresbil Fundazinoko zuzendaria.

Musikaste Euskal Musikearen Asteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren babesa dau. Era berean, Kutxa Fundazinoaren eta Laboral Kutxaren babesa dau eta Herri Arte Ekolea, Musikene, Musikagileak, Musika Bulegoa eta Super Amara-ren laguntzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu