Getxophotok Itxialdia dakar bagilaren 3an

Bizkaie! 2022-05-18 09:45   Kulturea

Giro lasaian, nazinoarteko artisten berbaldiak entzun ahal izango dira Punta Begoñan.

2021eko edizinoko Itxialdia (argazkia: Getxophoto) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten bagilean egingo da Getxophoto Nazinoarteko Irudi Jaialdia, baina datak aldatu arren, aurreko edizinoetan publikoaren onespena izan daben ekitaldi ugariri eutsi deutse. Horreen artean dago Itxialdia, artisten eta herritarren arteko alkarrizketa lasaiak dakarzan saioa.

Bagilaren 3an, goizez, egingo dabe aurten Itxialdia Vol. 9, ekimenaren bederatzigarren edizinoa, Badira beste modu batzuk lemapean. Punta Begoñako galerietan atonduko dabe espazioa, publikoa eta konbidaduak lasai eta igesbide barik egon daitezan. Irudi garaikideagaz zerikusia daben gaiak jorratuko ditue berbaldi eta alkarrizketen bidez.

Aurkezpenaren eta ondoetorriaren ostean, Clare Strand artista britainiarrak eta Susan Bright komisarioak alkarrizketa baten hartuko dabe parte. 11:20an, ostera, Karlos Liberal eta Ujue Agudo, Bikolabs By Biko aholkularitza teknologikoko laborategiko kideak entzun ahal izango doguz, Getxophotoko komisario Jon Uriartegaz batera.

Jardunaldiaren bigarren partean, 13:00etan, Pompidou Zentroko komisario Damarice Amao, Juan Covelli artista kolonbiarra eta Gloria Oyarzabal artista espainiarra batuko dira, alkarregaz barriketan egiteko.

Argibide gehiago eta sarrerak erosteko bidea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu